Liburuekin gozatzeko ordua

Guaixe 2011ko apirilaren 19a

Urte sasoi guztiak irakurtzeko egokiak dira, baina larunbatetik aurrera pizgarri berezia izanen dugu. Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainari esker, liburuak irakurtzen gozatzeaz gain, lagunei gozaldia oparitzeko deskontuak izanen ditugu. Bosgarren aldiz, Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, antolatu du kanpaina, euskarazko liburuen irakurketa sustatzeko asmoz. Euskara taldeen, udal liburutegien eta liburu denden laguntzarekin Euskal Herriko 12 herritara iritsiko da. Irurtzungo Aizpea euskara taldeak Sakanara ekarri du.Irakurri, gozatu eta oparituIzenak agerian uzten duen bezala, egitasmoa hiru urratsetara mugatzen da. Lehen urratsa, Irurtzungo udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea da. Liburua irakurtzen gozatu, eta bigarren urratsa etorriko da: liburutegira itzultzean fitxa sinple bat bete beharko da. Hura betetakoan liburuzainak erosketa-txekea emango digu, Martxueta eta Elustondo liburu dendan erabiltzeko. Azkenik, hirugarren urratsa dator, denetan atseginena: lagunari, senideari edo, zergatik ez, geure buruari liburua oparitzeko garaia.  Liburutegian jasotako deskontu-txartelari esker, liburu dendan euskarazko edozein liburu erosteko orduan % 25 gutxiago ordaindu ahal izanen dugu. Aizpea euskara taldeko kideek % 50eko deskontua izanen dute.   3 hilabeteLiteraturaren historian gorriz markatuta dator apirilaren 23a. Egun horrekin hil ziren mundu osoan ezagunak diren hiru idazle: Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Garcilaso de la Vega. Horregatik, 1995ean Unesco-k Liburuaren Eguna izendatu zuen apirilaren 23a. Egun seinalatu horretan emanen diote hasiera Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainari. Uztailaren 23ra arte euskaraz irakurtzeak sari bikoitza izanen du Irurtzunen. Deskontu txartelez gain, Irurtzungo euskara taldeak hileko zozketa bat eginen du liburutegian euskarazko liburua hartu dutenen artean.% 25eko deskontu-txartelaIrakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainarekin bat egiten duenak euskarazko liburuak erosteko deskontu txartela izanen du.