Dena puntuan Sakanako XXII. Ibilaldi Handirako

Guaixe 2011ko apirilaren 20a

Apirilaren 30ean izanen da, 6:00etatik aurrera. Parte hartze handia espero da. Izena ematea zabalik dago. Nobedade moduan B aukera arindu du antolakuntzak.Irurtzungo Iratxo elkartekoak buru-belarri dabiltza lanean, apirilaren 30ean, larunbatarekin, Sakanako XXII. Ibilaldi Handia behar bezala joateko. Iaz 1.012 mendizale aritu ziren proba ez lehiakorrean, eta aurten ere parte-hartze handia espero da. Urtero moduan, antolakuntza prest egonen da etorri ahal den jende kopuru guztiaren beharrei erantzuteko.Sakanako Ibilaldi Handia Nafarroan dekanoa da eta luzeena, eta bi zirkuitutan sartuta dago: IV. Nafarroako Mendi Ibilaldien Zirkuituan eta X. Euskal Herriko Mendi Ibilaldi Luzeen Zirkuituan. Mendizaleek bi aukera izanen dituzte: A aukera, Hiru Baselizak batzen dituena (55,4 km metro, 3.000 metroko desnibela), eta B aukera, Ibilaldi Handia, Irañetako bidea izenekoa (40,2 km, 1.900 metroko desnibela). B aukera aurten aldatu dute, arinago egiteko asmoz. Izan ere, orain arte bi aukerek ia antzeko ibilbidea zuten, Ergako Trinitateko igoera igotzea salbu. B aukerakoek ez zuten igotzen. Aukera motza oso gogorra zela jakitun, gogortasuna kendu nahi izan diote, ibilbidea aldatuz eta arinduz. Mendizale guztiak goizeko 6:00etan aterako dira Irurtzundik. A aukera, Hiru BaselizakIrurtzundik aterata, Izurdiaga eta Urritzolatik barna, Txurregira igoko dira mendizaleak. Euskal Herriko Erdigunetik pasatuko dira guztiak -Erdigunearen kalkulua Felix Isasa ingeniariak kalkulatu zuen barizentroaren kontzeptuan oinarrituta eta San Donato ermitatik gertu dago, Andiako Olibesarioko saroian, 1.236 metroko altueran, X:586.936 eta Y:4.748 koordenatuan-. Hiru Baselizen hautua egiten dutenak Uharteko Atakara eta San Donato baselizara heldu eta Uharte Arakilera jaitsiko dira, handik Aralarrera gora San Migel santutegira heltzeko. Aralarren aurrera eginez Madotzera helduko dira, aurten Agiritik barrena, ez orain arte moduan Atatik barna. Izan ere Aralarko Itzulian Agiriko bidea dago markatuta eta antolakuntzak hori errespetatu nahi izan du. Madotzetik segidan Larrazpil eta Goldaratzera joango dira, eta ondoren Trinitate ermitara joko dute, hura igo eta gero Irurtzunera jaisteko. Aipatzekoa da nobedade moduan, A aukera (Hiru Baselizak) egiten dutenek puntu bat izanen dutela Mont Blanc inguruan The North Facek antolatzen duen ultra trail proban aritzeko. B aukera, Ibilaldi Handia-Irañetako bidea, nobedadeekinB aukera hautatzen dutenek aldaketa handia izango dute aurten. Euskal Herriko Erdigunetik pasa eta gero, San Donatora egin ordez Irañetako atakara iritsiko dira mendizaleak, eta bertatik Irañetara jaitsi. Urruntzureko iturburura joko dute ondoren, Madalen mendiaren alboan dagoen paraje zoragarrira. Iturburutik gertu bide zaharra hartu eta Lizarratzu eta Armentia pasako dituzte, Madotzeko gurdibideraino helduz. Madotzetik aurrera Larrazpilera heldu eta Goldaratzeko bidea hartuta, Etxeberritik barrena, Irurtzunera helduko dira mendizaleak. Ibilbide eder eta zoragarria da, aurrekoa baino askoz arinagoa baina edertasun paregabearekin. Hornidura guneak, diploma eta opariaMendizaleen beharrak asetzeko 4 hornidura gune izango dira A aukeran: Uharte Arakilen, San Migelen, Madotzen, eta Irurtzunen. B aukeraren alde egiten dutenek, aldiz, hiru hornidura gune izango dituzte: Irañetan, Madotzen eta Irurtzunen. Indarrak berreskuratzeko nahi adina jaki eta edari izango dira. Mendizale gehienek 10-12 ordu behar izaten dituzte ibilbide handia egiteko, baina badaude ibilbidea korrikan egin eta lehenago iristen direnak. Ibilaldi laburragoa egiten dutenendako, 8-10 orduko tartea aurreikusten dute antolatzaileek. Proba ez lehiakorra denez, antolakuntzak kontrol guneetan zigilua jarriko die mendizaleei, baina ez die denborarik hartuko. Gainera, mendi martxa ez da lasterketa. Hortaz, kontrol guneak aurreikusiak dauden orduetan zabalduko dira.Irurtzuneko plazara heldu ahala mendizaleek diploma eta oparia jasoko dute, eta guztien artean mendi materiala zozketatuko da. Horretaz gain, bukatzean masajea hartzeko aukera izango dute Surya masaje eskolako kideei esker, eta dutxa zerbitzua Atakondoa ikastetxean izanen da.Ibilaldi Handia behar bezala antolatzeko 50 pertsona inguru ariko dira lanean hornidura eta kontrol postuetan, mendizaleak pasa ahala guztia bildu eta garbitzen eta beste makina bat lanetan. Izena emateko aukera ezberdinakHainbat aukera daude. Internet bidez eman daiteke izena, iratxo.galeon.com web gunean, apirilaren 27ko gaueko 12:00ak arte. Telefonoz (948 500 882 telefonoa) apirilaren 26an eta 27an eman daiteke izena, arratsaldeko 8:00etatik gaueko 10:00ak arte. Eta ibilaldiaren egunean bertan eman daiteke izena, Iratxo elkartean, goizeko 5:00etatik 6:00ak arte. Izena aurretik ematen bada 12 euro ordaindu behar dira, eta, egunean bertan, 15 euro. Bestalde, martxa bezperan Irurtzunen lo egin nahi dutenek eskoletan lo egiteko aukera dute.iratxo.galeon.comAipatu web gunean informazio guztia topa daiteke.