Teno diskoan eta zuzenean

Guaixe 2011ko maiatzaren 6a

Maiatzaren 7an, larunbatean, eta 8an, igandean, 20:00etan, Irurtzungo kultur etxean Irurtzungo seme Tenoren bizitza musikari lotuta dago. Asteburuan lehen diskoa aurkeztuko du etxekoen aurrean. Qué quieres ser ezagutzeko aukera dugu.

Musika apustu
Francisco Javier Tenorio, Teno, irurtzundarra txikitatik murgildu zen musika munduan. Lau urterekin hasi zen bateria jotzen, eta aita musikaria zuen eta haren altzoan gitarra ikasten hasi zen. Kontserbatorioan osatu zituen ikasketak irakasle bikainekin. 

15 urterekin igo zen lehen aldiz oholtza gainera Indecisión taldearekin. Ibilbide luze baten hasiera baino ez zen. Ondotik, Sarraski, Nahi ta nahiez eta Billy goat taldeetako bateria izan da. Azken talde horrekin Bilboko Hiria lehiaketa ezaguneko finalera iritsi zen. 2003an erabaki garrantzitsua hartu zuen: musikatik bizitzeko helburuarekin Kanarietara joatea erabaki zuen. Esperientzia paregabea izan da. Musikari andana ezagutu du eta zenbait talderekin jo du: Alex Ley, Ybraem, The Sugar Hill Band, Witches Sabbath eta beste.

Musika giro hori lagun, 2006an, bere abestiak sortzeari ekin zion. Proiektu pertsonal horretan murgildu da azken urteetan. Egindako lana grabatu eta ezagutarazteko asmoz, sorterrira itzuli da. Irurtzungo lokalean egin ditu azken lanak.

Diskoa
Bere lehen diskoan identitateari egin dio erreferentzia Tenok. Qué quieres ser izena eman dio diskoari. Irurtzundarrak argi utzi du zer izan nahi duen eta barru-barruko lana aurkeztu du. 30-40 abestien artean 10 hautatu ditu diskorako, "oilo ipurdia jartzen zidatenak". Pop rock doinuak nagusitzen dira, gitarra flamenkoaren eta musika latindarraren eraginarekin, "baina xamurkeriarik gabe" argitzen du. Irurtzundarrak bereziki zaindu ditu letrak. "Sentimenduz beteriko abestiak nagusitzen dira" dio.  

Abestiak sortzeaz gain, Tenok jarri du ahotsa, gitarra eta perkusioa. Tito Trujilloren gitarra flamenkoak eta Jorge Cordon irurtzundarraren pianoak osatu dute diskoa. Iruñean grabatu zuten diskoa eta bera arduratuko da banaketaz. Diskoa ez ezik, Tenok bideoklipa ere grabatu du, bandarekin batera. Diskoaren aurrerapen ederra da.

Asteburuan zuzenekoa
Teno oholtza gainera igoko da asteburuan. Kontzertu bikoitza eskainiko du Irurtzungo kultur etxean. Zuzenekoan banda paregabea izanen du lagun: Jose Animal (pianoan), Jose (gitarra elektrikoa), Iñaki el pulga (perkusioa) eta Ibai Hernaiz (baxua).Sarrerak salgai daude Irurtzungo kultur etxean eta establezimenduetan. www.myspace.com/frantenoTenoren berri izateko eta diskoa eskuratzeko jo web orrira.