Ikusle eta antzezle arteko muga apurtuz

Guaixe 2011ko maiatzaren 12a

Irurtzungo kultur etxeak antzerki ziklo berritzailea hartuko du. Antzerkia zuretzat antzerkia ikusteko modu berria da. Aktoreen eta ikusleen arteko hesiak apurtuz, ikusleak aktoreen inguruan esertzen dira, haien keinuak eta pertsonaiei ematen dieten karga emozionala gertu-gertutik sentitzeko. Obra laburrak dira, hogeita hamar minututik berrogei minutura bitartekoak. Larunbatean eskainiko dute lehen antzerkia, Bertolt Brecht-en La mujer judía. Marta Juaniz izanen da protagonista. Hurrengo emanaldia maiatzaren 29an izanen da. Migel Munarriz eta Raul Urriza aktoreek Pirandelloren El hombre de la flor en la boca antzezlana eskainiko dute.Gehienez ere 40 sarrera banatuko dira. Doakoak dira, baina aldez aurretik jaso behar dira kultur etxean eta udaletxean. Ikuskizuna amaitutakoan aktoreek "txapela pasatuko dute", antzinako antzerkiaren espiritua berreskuratzeko.