Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Denboraldia hasi berria da eta lasterketatik lasterketara progresio bikaina erakusten ari da 18 urteko Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarra. Aurten Espainiako Abiadura Txapelketako Stock-Extreme 1000cc kategoriara egin du salto irurtzundarrak, BMW S1000RR motorrarekin eta Zaragozako CNS Motorsport taldearekin. Denboraldia apirilaren 17an hasi zuen Jerezeko zirkuituan, eta primerako lana egin zuen irurtzundarrak. 35 pilotu zeuden izena emanda eta proba bikaina egin zuen irurtzundarrak, sailkapen orokorrean bosgarrena izan baitzen, eta pilotu pribatuen kategorian, aldiz, lehena. Mariñelarenaren helburua, hasiera batean kategoriari tamaina hartzea zenez, hau da, esperientzia hartzea eta kilometroak pilatzea, helburua uste baino hobe bete zuen irurtzundarrak.LaugarrenaBigarren lasterketa asteburuan jokatu zuen, Aragoiko MotorLand zirkuituan. Irurtzundarraren gorako progresioa ikusteko aukera izan zuten bertan bildu ziren milaka zaleek. Entrenamendu kronometratuetan hirugarren postuan sailkatu zen Mariñelarena. "Puntako pilotuek, 7-8 inguruk, klasifikazio pneumatikoak erabili zituzten, bizpahiru buelta irauten duten horiek, hau da, denbora laburrean heltze edo "agarre" delako gehiago dutena, eta Pirelli etxeak egiten dituenak, eta ni lasterketako gurpil ohikoekin atera nintzen. Eta hirugarrena sailkatu nintzen, denbora onarekin, eta oso kontentu". Horrek lasterketa hirugarren postuan eta lehendabiziko linean ateratzeko txartela eman zion.Lasterketan irteera ona egin zuen Mariñelarenak. Posizioa mantendu zuen, eta lehendabiziko hirurak pega-pega eginda zeuden hasieran. Hirugarren itzuliko bigarren bihurgunean, bigarren postuan zegoen Kyle David Smith pilotuak kontrola galdu eta lurrera erori zen. "Motorrarekin lurrean zegoela jo ninduen eta zorionez ez nintzen erori, baina pilotua saihesten saiatzeagatik pistatik atera nintzen. Sartu nintzenerako 9. postutik atzera nengoen eta hortik aurrera postuak erremontatzea izan nuen helburu" dio pilotuak. Eta nola gainera, laugarren posturaino igo baitzen Alex, lasterketa laugarren despedituz. Lehena Santiago Barragan (Kawasaki) izan zen, bigarrena Xavier del Amor (BMW) eta hirugarrena Ivan Silva (Kawasaki). Hirurak aipatu motor etxeetako talde ofizialetakoak dira, esperientzia handikoak eta puntakoak, eta laugarren sailkatutako Mariñelarena pilotu pribatua (CNS Motorsport), lasterketako lehen pilotu pribatua, hain zuzen. "Oso kontentu nago egindako lanarekin. Alde batetik pena dut istripuarena gertatuko izan ez balitz lehenengo postuagatik egongo nintzelako borrokan. Laugarrena nindoanean momentu batean del Amor eta Silvari engantxatu nintzen, baina egindako erremontadagatik pneumatikoak nahiko izorratuak nituen eta ez nuen borrokatu" gaineratu du pilotuak.Jerezetik Aragoira nabarmen aurrera egin du Mariñelarenak. Aipatzekoa da lasterketako buelta azkarrena berak egin zuela (1:52.9) eta probako pilotu pribaturik onena izan zela. Autobusa IrurtzundikAlexen lana ikusteko asmoz autobus bat atera zen Irurtzundik Aragoiko MotorLand-era, Mariñelarenak bihotz-bihotzetik eskertu duena. "Izugarrizko ilusioa eman zidan eta animo handia eman zidaten. 50-60 pertsona zuri jarraitzen... oso pozik nago".Espainiako Abiadura Txapelketako Stock-Extreme 1000cc kategoriako hurrengo proba ekainaren 18an eta 19an jokatuko du Mariñelarenak, Katalunyako Zirkuituan, Montmelón. Ea orain arteko progresioarekin jarraitzen duen.www.cevbuckler.comEspainiako Abiadura Txapelketako informazio guztia: sailkapenak, egutegia, albisteak, argazkiak...