Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean Antzerkia zuretzat zikloko bigarren emanaldia izanen dute Irurtzunen. Migel Munarriz eta Raul Urriza aktoreek Pirandelloren El hombre de la flor en la boca antzezlana eskainiko dute. Adituek diotenez, antzezlana antzerki testu labur onenetarikoa da. Bero itogarriaren erdian, gizon batek trena galdu du. Tabernako mahaitxoan menta hotz bat hartzen ari da. Ez da konturatzen ahoan duen gizona berari begira dagoela. Gizon baketsuak ez du imajinatu ere egin laster bere bizitza goitik behera aldatuko dela; beste errealitate baten pisuak bere errealitatea zapalduko duela.Antzerkia zuretzat antzerkia ikusteko beste modu bat da. Aktoreen eta ikusleen arteko hesiak apurtuz, ikusleak aktoreen inguruan esertzen dira, haien keinuak eta pertsonaiei ematen dieten karga emozionala gertu-gertutik sentitzeko. Obra laburrak dira, hogeita hamar minututik berrogei minutura bitartekoak. Gehienez ere 40 sarrera banatuko dira. Doakoak dira, baina aldez aurretik jaso behar dira kultur etxean eta udaletxean. Ikuskizuna amaitutakoan aktoreek "txapela pasatuko dute", antzinako antzerkiaren espiritua berreskuratzeko.