Irurtzundarren soinu banda Pikuxarren urtemugan

Guaixe 2011ko ekainaren 3a

Ekainaren 5ean, larunbatean, 20:00etan, Irurtzungo Barazkien plazanDuela 8 urte sortu zen Irurtzungo Pikuxar euskal txokoa. Irurtzundarrek azken urteetan bilgune izan duten elkartearen urtemuga ospatuko dute bihar. Ospakizunarekin bat egin dute Kerasy eta Gaur Ez taldeek. Oskar Alonso eta Ramiro eta Xabier Unanue eta Jule Goñi irurtzundarrak eszenatoki gainean ikusteko aukera paregabea da.Gaur ezIbilbide laburra du Gaur Ez taldeak. Hala ere, taldekideak musikan jantziak dira. Esaterako, Xabier Unanua irurtzundarrak (baxua) eta Alfredok (gitarra) zortzi bat urte daramate elkarrekin musika egiten. Talde egonkor bat sortu nahian, beste  hiru musikarirekin elkartu dira: Irurtzunen aski ezaguna den Jule Goñi erasoarra (abeslaria), Idoia (gitarra) eta Julenekin (bateria). Boskotea buru-belarri murgildu da egitasmo berrian. Horrela sortu da Gaur Ez taldea. Gaur Ez taldearen errepertorioa boskoteak sortutako abestiek eta bertsioek osatzen dute. Xabier Unanuaren hitzetan, "zenbait talderen pintzeladak ditugu". Gaur Ez taldeak "estilo gordina du, melodia goxoen kontrapuntuarekin". Duela bi hilabete hasi ziren zuzenekoak eskaintzen. Bihar, irurtzundarren aurrean joko dute. Ondoren, lehen lana grabatzeko geldialdia egiteko asmoa dutela iragarri dute.Kerasy2009an sortu zen Kerasy taldea. David Ramirez eta Oskar Alonso irurtzundarrak Iñigo Andion, Ibai Goñi eta Silvia Guillenekin elkartu ziren. Nork bere musika taldea zuen, baina elkarrekin metal musika egiteko bildu ziren. Berriki ezagutu dugu egitasmo horren fruitua, Harriak apurtu diskoa. Taldearen sustraiak Irurtzunen daude eta, hortaz, joan zen hilean diskoa Iruñerrian aurkeztu ondoren, orain Sakanan zabaldu nahi izan dute. Metala jaun eta jabe izanen da  bihar, barazkien plazan.