Erreferenduma Inasan

Guaixe 2011ko ekainaren 3a

Inasa Foil enpresako langileek gaurkoan CCOOk eta zuzendaritzak lortu duten aurre-akordioarekin ados dauden esan beharko dute. CCOOk enpresa batzordean gehiengoa du, 4 kide, baina ez du lortu gainontzeko kideek (LAB 2 eta UGT, Solidari eta Koadroak bana) bere proposamena bere egitea. Azkenik, langileen sinaduren herena lortuta, aurre-akordioari buruzko galdeketa eginen da. Inasako zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta aldeen akordiorik gabe despeditu zen. Ondoren, CCOOk zuzendaritzarekin hartuemanak izan zituen eta horrela lortu zen gaur bozkatuko den aurre-akordioa. GaldeketaBi aldeek adostu dutenez aurten 26 aurre-jubilazio izanen lirateke eta heldu den urtean beste 14. 50.000 euro baino gutxiago kobratzen duten langileek lan egindako urte bakoitzeko 33 eguneko kalte ordaina jasoko lukete, 15 eguneko mugarekin. Gainera, gizarte segurantzarekin hitzarmena eginen litzateke 62 urterekin jubilatzeko. 50.000 euro baino gutxiagoko kalte ordaina jasotzen duenak, 1.500 euro jasoko dituzte ordainketa bakarrean langabezian bi urte egon ondoren. 90.000 euro arteko kalte-ordainak 1.200 euroko osagarria izanen dute hilero. Aurre-akordioaren arabera, aurten oinarrizko soldata gordina %8 txikituko litzateke. Soldata aurten, 2012an eta 2013an izoztuta egonen litzateke. Konpentsazio gisa langileek aurten 2.400 euroko saria jasoko lukete. Aurre-akordioak aurreikusten du jaitsitako soldataren %8a 2013 urtean zehar berreskuratzea. Horretaz gain, Nafarroako metalgintzako hitzarmena baino %1 gehiago kobratzea 2014an eta 2015ean. Langileek jubilatzerakoan enpresarengandik jasotzen duten diru kopurua ere aipatzen da akordioan. Azkenik, CCOOk eta zuzendaritzak adostu dute 2013ko akabera arte inbertsioak bermatzea, baita 170 langileko plantilla.