Arroz arteko hartu-emanak

Guaixe 2011ko ekainaren 7a

Hango eta hemengo zaporeak, jolasak eta musika ezagutzeko aukera eman zuen Munduko Arrozak ekimenak Irurtzungo Foru plaza Babel txiki bat bihurtu zen larunbat goizean. Ohiko euskara eta gaztelerarekin batera, arabiera, amazigha, errusiera, wolofa eta beste hainbat hizkuntza entzuteko aukera izan zen.Sakandar berriek ekarritako hizkuntz aberastasunarekin batera, zapore aniztasunaren erakusgarri ere izan zen plaza. Eltzekoen atzean arroza prestatzen aritu ziren hainbat talde. Haietako batzuk irurtzundarrek osatuta. Baina haiekin batera, Senegal, Ekuador, Argentina (ikus 32. orria, 11 galdera), Bulgaria eta Marokoko sukaldariak izan ziren. Azken horiek cous-cousa prestatu zuten eta gainontzekoek arroza. Kuba eta Moldaviako sukaldariek azken unean ezin izan zuten ekimenean parte hartu, baina hurrengo batean izaten saiatuko dira.Jendeak jakin-minez galdetu zuen prestaeraz eta osagaiez. Trukuak ere elkartrukatu zituzten eltzeen ondoan. Batzuk edo beste, irurtzundarrak edo propio bertara joandako sakandarrak.GehiagoMunduko arrozak dastatzeko aukera izateaz aparte, munduko jolasetan aritzeko aukera eskaini zen larunbatean. Aisialdi Taldeak bateko eta besteko jolasak erakutsi zieten plazara hurbildu zirenei. Horrek hartu-emanetarako gune berri bat sortu zuen. Azken finean, hori zen Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak eta bere laguntzaileak ekimenaren antolakuntzarekin bilatzen zutena. Babel txikian hainbat hizkuntzatan idatzitako mezuak irakurtzeko aukera izan zen. Joateagatik eskerrak eman, egun ona pasatzea opa eta ongi ibiltzea opatuz idatzitako mezuak ziren denak.Saioa despeditzerakoan, Begoña Zestauk, immigrazio teknikariak, "oso balantze ona" egin zuen.