Irurtzun bost urte kantuan

Guaixe 2011ko ekainaren 10a

Duela bost urte eman zituen lehen urratsak Irurtzungo abesbatzak. Urtemuga borobila ospatzeko, kontzertua eskainiko dute bihar. Abesbatzako kideek abesbatza osasuntsu dagoela eta kantuan jarraitzeko gogotsu daudela erakutsiko dute. KontzertuaIrurtzungo abesbatzak bost urtetako ibilbidean landutakoaren erakustaldia eginen du bihar, Irurtzungo San Martin elizan. Fermin Idareta zuzendariaren esanetan, "oso kontzertu bariatua" eskainiko dute. Sakanako eta konpositoreen obrak, abesti herrikoiak, kantu erlijiosoak, espiritualak, habanerak eta beste eskainiko dituzte. Sorpresa bat edo beste izanen dela ere iragarri dute. Sakandar guztiak gonbidatu dituzte musika emanaldira. IbilbideaBost urte ez dira alferrik pasa. Irurtzungo abesbatza nabarmen hazi da, bai kantitatean, bai kalitatean. 15 kiderekin sortu zen taldea eta, dagoeneko, 50 pertsonak osatzen dute abesbatza. Lehen urteetan, irurtzundarrak baino ez zeuden taldean, baina abesbatza Arakilera zabaldu da. Gaur egun, Egiarreta, Satrustegi, Ihabar, Herriberri, Irañeta eta Uharteko kideak ditu. Bada abesbatzan aldatu ez den zerbait: abesbatzak Fermin Idaretaren zuzendaritzapean jarraitzen du. Irurtzundarrak lan eskerga egin du. Bost urteetan zenbait kontzertu eskaini dituzte sorterrian eta inguruko herrietan. Bereziki hunkigarria izan zen herritarren aurrean eskaini zuten lehen kontzertua. Irurtzundik kanpo ere abestu dute, besteak beste, Berriobeiti eta Oibarren. Bestalde, aurten, abesbatzaren kalitatea hobetzeko asmotan, teknika bokaleko tailerra egin dute Sandra Domingez sopranoarekin. "Abesbatzarendako aurrera pausu handia izan da" esan digu koruko zuzendari Fermin Idaretak. Aurrera begira, lanerako gogotsu jarraitzen dute. Esaterako, datorren astean bertan Irañetan abestuko dute. Bestalde, datorren ikasturtean genero berria mustuko dute. Sandra Domingez sopranoarekin zartzuela batean parte hartuko dute.