Inasako akordioa sinatuta

Guaixe 2011ko ekainaren 23a

Asteartean sinatu zuten Inasa-Foil-eko akordioa. Ekitaldian CCOOko kideekin batera, Alemaniatik propio etorritako Inasa Foil-eko kontseilari delegatu Hans Magnus Andresen egon zen. Akordioa sinatzerakoan presentea izan zen  Imelda Lorea, Lan eta Arriskuen Prebentzioko zuzendari nagusia.CCOOk eta Andresenek sinatutako akordioa erreferendumean onartu zuten Inasako langileek: 197k parte hartu zuten, haietatik 141ek baiazkoa eman zuten, 50ek ezezkoa eta 6k txuria. Akordioarekin bat egin du UGTk, baina ez horrela LABek, Solidarik eta Kuadroak. CCOOtik jakinarazi dutenez, "sinadura honekin prozesu luze bat bukatzen da, zeinetan gure sindikatuak plantillarendako onena lortzeko ausardiaz, iraunkortasunez eta gardentasunez lan egin duen. Izan ere, zuzendaritzak plantilla, soldatak eta eskubideak murriztu nahi baitzituen". CCOOk gaineratu du negoziazio mahaia hautsi zenetik etengabe lan egin duela "ahalik eta akordiorik onena lortzeko bai joaten direnendako, bai gelditzen direnendako, eta lantegiaren eta enplegu maila bermatzeko".