Trimanek Xota babestuko du hurrengo denboraldian

Guaixe 2011ko ekainaren 20a

Ostiralean prentsaurrekoa eman zuen Xotako presidente Jose Antonio "Tatono" Arregik, bere ondoan Grupo Triman taldeko Javier Sansegundo ordezkaria zuela. Biek azaldu dutenez, Triman enpresak beste urte batez babestuko du Ohorezko Mailan dabilen Xotaren jarduna. Hortaz, hurrengo denboraldian Triman Navarra Xota izena eramaten jarraituko du Irurtzungo klubak. Bi aldeak oso kontentu azaldu ziren sinatutako akordioarekin, eta orain arteko lanaren balantze oso positiboa egin zuten. Akordio horri esker Triman Navarra Xotak milioi bat euro inguruko aurrekontua izango du hurrengo denboraldian. Bestalde, Xota Fundazioaren lanak ere aurrera jarraituko du. Ohorezko mailan bi talde nafar ariko dira hurrengo denboraldian: Irurtzungo Triman Navarra eta aurten mailaz igo den Tuterako Rios Renovables. Bi taldeek filosofia ezberdina dute, Xotak harrobia lantzen baitu, fundazioan egindako lanaren isla.