Irurtzungo Gaur Ez taldea Iruñeko Onki Xin pop rock lehiaketaren finalera iritsi da. Iruñeko tabernak negu amaieran eman zion hasiera lehiaketari. Txapelketak harrera paregabea izan du eta ia 50 talde aurkeztu ziren lehiara. Haietatik 40 batek zuzeneko kontzertuak eskaintzeko aukera izan dute, antolatzailearen arabera "pop rock estiloan sartzen ziren guztiak". Urte hasieratik Iruñeko Donibane auzoko tabernak kontzertuak hartu ditu astearte eta ostegunero. Denetariko taldeak pasatu dira bertatik, batzuk beteranoak eta beste batzuk hasi berriak, baina, denak ere, "maila onekoak". Estiloari dagokionez ere aniztasuna nabarmena izan da: besteak beste, rock talde klasikoak, death metal edo fusio taldeak lehiatu dira. Lehiaketaren aberastasunaren ondorioz, antolatzaileek finalistak aukeratzeko zailtasunak izan dituzte. 40 taldetik lau izan ziren hautatuak, haien artean, Gaur Ez taldea. Horrela erabaki zuten epaimahaiak eta ikusleek. Irurtzundarrek "sorpresarekin eta poz handiarekin" hartu zuten erabakia.FinalistakEkainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean, izan zen final handia. Lau talde igo ziren eszenatokira: Touché!, Sin Dirección, Brigada Improductiva, eta Gaur Ez. Talde bakoitzak lau abesti jo behar zituen. Musikariek norbere gustuko estiloekin busti zuten rocka, Touché taldeak skarekin, Brigada Improductivak eta Sin Dirección taldeek poparekin eta Gaur Ez taldeak metalarekin. Haiei adi-adi zegoen epaimahaia, baina Irurtzungo Gaur Ez taldeko baxu jole Xabier Unanuak esan digunez, haietaz ahaztu eta "kontzertuaz gozatu" zuten. "Guretzat finalera iristea zen saria. Onki xin tabernara zenbait lagun eta beste taldeen jarraitzaileak joan ziren eta giro ederra izan zen" azaldu zigun. Sorpresa hartu zuten dagoeneko batek edo bestek haien abestiak ezagutzen zituztela ikustean. Epaimahaiak Touché taldeari eman zion lehen saria, baina Irurtzungo Gaur Ez taldea ez zen esku hutsik atera: "jarraitzaileak gustura egon ziren eta lehen aldiz entzun gintuzten entzuleek harrera ona egin ziguten. Finalaren ondoren, kontzertu eskaera berriak izan ditugu" jakinarazi zigun Xabier Unanuak. EstudioanGaur Ez taldea Jule Goñik (abeslaria), Idoiak (gitarra), Alfredo (gitarra), Xabier Unanuak (baxua) eta Julenek (bateria) osatzen dute. Denak ere musikan jantziak dira eta berriki elkartu ziren egitasmo egonkor bat sortzeko helburuarekin. Boskoteak estilo gordina eta melodia goxoak uztartzen ditu. Ekainean Irurtzungo Pikuxar euskal txokoaren urtemugan jo zuten. Iruñerrian ere zenbait kontzertu eskaini dituzte. "Kontzertu batetik berriak sortzen zaizkigu" esan digu taldeko baxu joleak. Bide hori indartzeko asmoarekin, boskotea grabazio estudioan sartu zen joan zen astean. "Hiruzpalau abesti grabatu eta web orrian eskegitzeko asmoa dugu" azaldu digu irurtzundarrak. Bide horretatik taldearen musika zabaldu nahi dute.