Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo Musikarien Kolektiboak (IMK) kontzertu berezia antolatu du festetako ostegunerako. Zenbait musikari irurtzundarrek bat eginen dute Perversions kontzertuan. Denen artean musikaren historia errepasatuko dute. Punk, rock nahiz besteko euskal abesti mitikoen bertsioak eskainiko dituzte. Irurtzungo musikariek afinitate edo estiloaren araberako taldeak egin dituzte. "Musikariak lauzpabost kideko hiru taldetan banatu gara. Guztira, 15 musikarik parte hartuko dugu kontzertuan, nork bere instrumentuarekin" azaldu digu Xabier Unanuak. "Kontzertu parte hartzailea izanen da eta nahi duenarendako irekia egonen da. Giro ederra espero dugu" esan digu irurtzundarrak. Musikarien Kolektiboa Irurtzungo Musikarien Kolektiboak (IMK) joan zen urtean hasi zuen ibilbidea. Musikarekin zerikusia duten pertsona guztiak biltzeko helburuarekin sortu zen eta, horrekin batera, "musika eskola bukatu berri duten gazteei ate bat irekita uztea, kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak eta abar antolatzea". Gaur egun 15 bat gazte daude kolektiboan. Besteak beste, bertan entseatzen dute Teno bakarlariak, DJek, Kerasy, Gaur Ez eta Oskar Estanga and Company taldeek. "Gaztetxo batzuek ere interesa azaldu dute eta lokala pertsona gehiagok ere erabiltzen dute" azaldu digu Xabier Unanuak. Irurtzungo Udalak Larrazpi gazte elkartearen gainean eta musika eskolaren azpian dagoen lokala uzten die. Irurtzungo Musikarien Kolektiboa irekita dago nahi duen ororendako. Interesatuak harremanetan jarri daitezke colectivomusicosirurtzun@gmail.com helbidearen bidez. Barazki GuneaIrurtzungo herri mugimenduek txoko berria mustuko dute herriko festetan: Barazki Gunea. Izen bereko plazan dago. Festetako lehen egunean, asteazkenean, 13:30ean irekiko dute gunea. Igandera arte herriko kolektiboen bilgunea izanen da. Zenbait jarduera antolatu dituzte bertan: bazkari eta afari herrikoiak, ginkana, kontzertuak, antzerkiak eta abar. Bertara gonbidatu dituzte sakandarrak.