Isuna gasa lapurtzeagatik

Guaixe 2011ko uztailaren 27a

Zigor arloko 1. zenbakiko epaitegiak 39 urteko irurtzundar bati 180 euroko isuna jarri dio. Arrazoia: gasa lapurtzea. Horrekin batera, gas enpresari 562,40 euro ordaindu beharko dizkio. Aldeen adostasunarekin onartu zen epaia. Epaiak dioenez, hainbat hilabetez fakturak ordaindu ez zituelako etxerako gasa saltzen zion enpresak horniketa moztu zion gizonari. 2008ko agorrilaren 21ean izan zen, hainbat hilabetez fakturak ordaindu ez zituelako. Enpresako teknikariak 2009ko garagarzaroaren 10ean kontadorea kentzera joan ziren, ikusi zuten kenduta zegoela, zigilua hautsita zegoela eta gomazko hodi baten bidez, gizonak gasa bere etxera bideratu zuela. Urte batean 1.472 euroko balioa zuen gasa kontsumitu zuen.