Akabo festak

Guaixe 2011ko uztailaren 25a

Atzokoan despeditu ziren Irurtzungo festak. Eurioean joan ere. Goizetik zuen despedida usaina egunak. Goizean erraldoien konpartsen topaketa zegoen. Baigorri eta Erriberriko erraldoiak Irurtzungoekin batera kalejiran ibiltzekoak ziren, azkenean, topaketa Bi Aizpe frontoian egin behar izan zen, euriak ez zuelako beste aukerarik eman. Urtero moduan, haur batek baino gehiago erraldoien eskutan utzi zuen txupetea. Atzokoa euripean jokatu zen esku-orgen krono-igoera. Aldapan gora 10 parte-hartzailek haien trebezia eta indarra erakutsi behar izan zuten. Bata bestea orga gainean eramateaz aparte, ibilbidean hainba proba gainditzeko zituztelako. Podiumaren garenera Iñigo Amezketa eta Ramontxo Castegi izan ziren. Koska bat beherago Txape Iriarte eta Mikel Ollo sailkatu ziren eta podiuma Dani Saldise eta Joritz Goñi osatu zuten. 16 urtez azpikoen mailan Jesus Mari Ekisoain eta Mikel Ollo izan ziren onenak. Ostiraleko kalderete txapelketan 19 talde parte-hartzaile izan ziren. Epaileak: Errotzeko Oskia jatetxeko sukaldari Kontxi Amezketa, Anjel Moreno aditua eta Javier Garaialde eta Jesusn Trincado musikariak izan ziren. Eltzeko onena Las Fashion taldeak aurkeztu zuen, hau da, Feli Garciak, Tere Yeregik, Emilia Sanchezek, Kontxi Mariñelarenak eta Lourdes Goikoetxeak. La Txu kuadrila sailkatu zen bigarrena: Iñaki Solano, Igor Etxarri, Cristhian Laplana, Javier Ihaben,Patxi Garcia, Borja Peinado eta Alvaro Carrillo. Hirugarren saria Jesus Beloki eta Alfredo Arraasendako izan zen. Ohiko jokoen txapelketa antolatu zuen Iratxok plazan. 64 parte-hartzaileetatik onena tokan Bienvenido Cruz izan zen; Igelaren jokoan Antonio Vilches boloetan Asensio Galartza, txanponetan Javier Beraza eta aroetan Jesus Fuentes.