Guztia prest euskarazko tailerrak hasteko

Guaixe 2011ko uztailaren 28a

Astelehenean hasi eta bi astez luzatuko da euskarazko tailerren eskaintza. Aizpea euskara taldeak programa horrekin bi helburu bete nahi ditu: batetik, haurrek uda garaian euskararekin duten lotura izan dezatela eta, bestetik, txikien egunerokotasunerako hizkuntz baliabideak ematea.Horregatik, tailerren lehen orduan hizkuntza lantzeko jolasak, kontaketak, elkarrizketak, kantak, hizkuntza jolasak, antzerkiak, ipuinak, telebista saioak, grabazioak eta beste eginen dituzte. Lehen ordu horretan adinka eta ereduka banatuta arituko dira haurrak. Bigarrenean, berriz, gutxiago hitz egitea eskatzen duten jardunak landuko dituzte, eskulanak esaterako.Aizpea euskara taldeko kide Blanca Ilundainek azaldu digunez, pozik daude, "haur asko apuntatu direlako". 3 eta 9 urte bitarteko 40 haur izanen dituzte euskarazko tailerretan. "Eskaintza 12 urte bitarte egiten dugu. Hasierako edizioetan adin horretako haurrak ere parte hartzen zuten, baina denborarekin gurasoek haur txikien kontu gisa hartu dute eskaintza. Gustatuko litzaiguke koxkorragoek ere parte hartzea", azaldu digu Ilundainek.  Izan ere, izena emanda dauden haurren artean 15ek 3 eta 4 urte artean dituzte. 5 eta 9 urte artean, berriz, 16 dira. Horiei, gainera, A ereduan ikasten ari diren 9 haurrek izena eman dute.Guztiak kultur etxean bilduko dira. Baina eguraldiaren arabera, herriko hainbat txokotan edota igerilekuan eginen dituzte tailerrak. Guztiak ere Alazne eta Haizea Fernandez de Muniain eta Lorea Gonzalez begiraleen ardurapean. 11:00etatik 13.00etara, astegunetan izanen dira martxan euskarazko tailerrak.