Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pasa den asteko asteazkenean Jon Begiristainek festei hasiera eman zien etxajua piztu zenean, Irurtzungo Udaleko balkoitik ikurrina bat zegoen zintzilik, Bilduko zinegotziek zabaldutakoa. Hala euskal ikurra festetan presente egotea ziurtatu nahi izan zuten. Aurretik, Bilduk NaBairi festetan udaletxean hiru banderak modu ofizialean jartzeko eskaera egin zion. NABaik hurrengo urterako jarrera aldatuko duela espero du Bilduk. Koalizioak zabaldutako oharrean dioenez, "Irurtzungo bizitzan, dantza taldean, elkarteetan, gazte taldeetan eta abarretan era normalizatuan bizi da ikurrinaren presentzia. Herriak onartu egin du". Aldi berean, Bilduk nabarmendu du udaleko 11 zinegotzietatik 9 NaBaikoak eta Bildukoak direla. "UPN eta PSN Espainiaren ideia indartzeko ados jarri dira eta gure herria asimilatzen saiatuko dira", dio Bilduk. Euskal Herriaren, Nafarroaren eta Irurtzunen eraikuntza "egunero egin behar" dela eta horretan "gure ikurrek bizitzaren arlo guztietan egon behar dira presente" diote Bildutik, "bereziki festetan".