Gaur Ez taldea web orrira

Guaixe 2011ko irailaren 22a

Irurtzungo Gaur Ez taldeak bere lana ezagutarazteko urrats berria eman du: joan zen astean web orria mustu zuen. Web orriak taldea bertatik bertara jarraitzeko aukera ematen du. Taldearen historia ezagutu, abestiak eta bideoak ikusi eta azken berriak ezagutzeko modua da.   Gaur Ez taldean bat egiten dute musikari esperimentatuek: Xabi Unanua irurtzundarrak (baxua eta koroak), Arakilen aski ezaguna den Jule erasoarrak (ahotsa), Alfredok (gitarra), Idoiak (gitarra) eta Julenek (bateria). 2010ean gurutzatu ziren haien bideak. Uztarketa horretatik erritmo sendoko eta melodia goxoko taldea sortu zen. Irurtzungo musika taldeak indartsu hasi zuen urtea. Zenbait kontzertu eskaini ditu, batez ere, Irurtzun aldean eta Iruñerrian. Azpimarragarria da Onki Xin pop rock lehiaketako finalera iritsi zela. Uda hasieran geldialdia egin zuen estudioan sartzeko. Lau abesti grabatu zituzten: taldeari izena ematen dion Gaur Ez, Itsututa, Itxoiten eta Agur. Abestiak eta bideoak web orrian eskegi dituzte. Web orria mustu berri duten honetan, taldeak zuzenekoak eskaintzeko gogotsu dagoela iragartzen du. www.gaurez.comGaur Ez taldearen abestiak eta berriak web orrian.