Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean kontzertu bereziaz gozatu zuten irurtzundarrek. San Martin elizak zarzuela emanaldi paregabea hartu zuen. Protagonista nagusiak, Sandra Dominguez sopranoa, Iñigo Irigoien tenorea, Andoni Sarobe baritonoa eta Francesca Croccolino piano-jolea, "primeran" aritu ziren. Bakarlariek Irurtzungo abesbatzaren laguntza paregabea izan zuten. Bakarlarien eta ia 50 kideko ahots-sokaren arteko elkarrizketak kontzertua aberastu zuen. Elkarlanean, zarzuela ezagunetako piezak irurtzundarrei hurbildu zizkieten. Irurtzundarrek primeran erantzun zuten: "San Martin eliza jendez gainezka egon zen eta ikusleek asko animatu zuten" jakinarazi digute Irurtzungo abesbatzatik. Errepertorio ezaguna herritarren gustukoa izan zen. Bestalde, Irurtzungo abesbatzako kideendako ere "esperientzia berri eta polita" izan zen. "Zuzendaririk gabe abesteak urduritasuna sortzen bazigun ere, gustura abestu genuen" esan digute.Irurtzungo abesbatzak eskerrak eman nahi dizkie eliza bete zuten guztiei.