Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lorena Arangoa irurtzundarrak Enmimismada-Nirebaitaturik klown ikuskizuna eskainiko du 2011ko Festa antzerki zikloan. Nafarroako Antzerki Eskolako jaialdian estatuko eta nazioarteko bederatzi konpainiak parte hartuko dute. Irurtzundarra izanen da etxeko antzezle bakarra. Clown ikuskizunaren emanaldi hirukoitza eskainiko du, azaroaren 27an eta 29an gaztelaniaz, eta abenduaren 1ean euskaraz. Nafarroako Antzerki Eskolako zikloak urteak daramatza Iruñean antzerkia zabaltzen. 26. edizioan antzerki jaialdiak Festa izena hartu du. Javier Perez Eguaraz, antzerki jaialdiaren antolatzailearen hitzetan, "aurtengo zikloa zoragarria izanen da". Jaialdia antolatzeko orduan "antzezlanen kalitatea eta tekniken aniztasuna" kontuan hartu dituzte. Irizpide horietatik abiatuta, goi mailako nazioarteko antzerki zikloa antolatu dute. Cadizko, Sevillako, Madrilgo, Bartzelonako, Portugalgo, Txileko, Argentinako eta Txile-Frantzia-Espainiako konpainiek parte hartuko dute. Goi mailako antzerki taldeen artean lekua egin diote Lorena Arangoari, Enmimismada clown ikuskizunari Iruñean izan zuen arrakasta itzelagatik. Cadizko La Zaranda konpainiak mustuko du 2011ko Festa antzerki zikloa igandean, Nadie lo quiere creer (la patria de los espectros) antzezlanarekin. Cadizko antzerki taldeak 2010eko Antzerki Sari Nazionala irabazi zuen. Abenduaren 11ra arte bederatzi antzerki konpainiaren beste horrenbeste antzerki eskainiko dituzte. Nafarroako Gobernuak antzerki zikloa babestu du 45.000 eurorekin. SarrerakSalgai daude 12 eurotan. 3, 5 edo 7 erosita % 10, 20 edo 30eko deskontuak lortu daitezke. Erretserbak: www.laescueladeteatro.com webgunean.