Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean, 10:00etatik 14:00etara, Foru plazan. Frontoi estalian euria egiten baduItxipuru taldeak XXII. bigarren eskuko azoka antolatu du iganderako. Irurtzundik pasatzen direnek liburuak, elektratresnak, arropa, diskoak eta bestelakoak merke eskuratzeko aukera izanen dute. Salgai gehienen prezioak ez ditu 5 euroak gaindituko. Itxipuruko kideek ere jatekoa eskainiko dute azokak irauten duen bitartean. Bildutako dirua oraingoan Argentinara bideratuko da. Buenos Aires hiriburuaren iparraldean, metropolian dagoen San Fernando hiriko La Esperanza auzoan hezkuntza proiektu bat lagundu nahi du Itxipuruk. Azokaren aurretik elkartasun afaria antolatu zuen Itxipuruk larunbatean eta 47 pertsona bildu ziren jaki argentinarrak dastatzera. Heldu den ostiralean, 21:00etan, Luna de Avellaneda filma emanen dute kultur etxean. EgitasmoaAuzoa XX. mendeko 70. hamarkadan sortu zen Argentina barrualdeko eta aldameneko herrialdeetako familiak Cordero errekaren bazterrean kokatzen hasi zirenean. 80ko hamarkadan erreka kanalizatu eta lurpean utzi zuten. La Esperantza auzoan 400 bat familia bizi dira, asko etxetxoetan pilatuta. Saneamendurik ez dago ezta argindar eta gas zerbitzu formalik ere. Auzoko biztanle gehienek ez dute lan finkorik eta estatuko planekin bizirauten dute. Nutrizio eza, gazteen haurdunaldiak, adikzioak, bortizkeria eta haurrei emandako tratu txarren moduko arazoak dituzte. Inguru horretan haurrak dira ahulenak. Haiei laguntza emateko sortu zen Crecer eskola laguntza programa. 1997tik dago martxan eta gaur egun 6 eta 18 urte bitarteko 125 neska-mutiko daude izena emanda eta 35 itxaron zerrendan daude. Bi txanda ditu zentroak, 8:00etatik 11:30era eta 13:00etatik 16:30era. Joaten diren haurrek gosaria eta askaria izaten dute. Eraikin txikia du programak eta haur gutxi sartzen dira. Horregatik talde bakoitza astean bizpahirutan joan daiteke. Programaren bidez haurrei giza eta hezkuntza mailako laguntza ematen zaie, haien errealitatea aldatzeko. Baina programak bidea egin du eta komunitatean erreferente garrantzitsu bat bihurtu da. Zentroaren bidez bideratzen dira orain komunitateko familiek dituzten arazo asko. Bere betekizunak behar bezala egiteko, programa hartzen duen etxean zenbait lan egin behar dira. Irurtzunen biltzen den diruak horretan lagunduko du. Banaketa pixka bat aldatu, elektrizitate instalazioa berrituko da, baita hornikuntza eta saneamendu azpiegitura berria ere. Sukaldean ekipamendu berria jarriko da.