Aita-semeak bidaia hunkigarrian

Guaixe 2011ko urriaren 28a

Zahartzaroko gaixotasunari buruzko gogoetak Max saria irabazi zuenHika Teatro antzerki taldeak itxiko dute Irurtzungo Antzerki Zikloa, Aitarekin bidaian antzezlanarekin. Istorioaren egileek, Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak, gai unibertsala lantzen dituzte: batetik, zahartzaroari buruzko kronika krudela bezain hunkigarria da eta, bestetik, aita-semea diren bi protagonisten istorioa. Bi bidaideak, aita-semeak, elkarrekin bizitzera kondenatuta geratu dira. Halaxe eskatu zion amak hil aurretik Patxi semeari; haren faltan, aita zaintzeko. Iritsi da eguna. Aita-semeak bakarrik geratu dira. Elkarrekin eta bakarrik; aita, bere munduan; semea, mundu honetan tokia aurkitu ezinik. Aita gaixo dago, zahartzaroko gaixotasun horietako batek jota eta maiz, oso maiz, aitak ihes egingo dio beste mundura. "Nire bizitza eskas honetan dudan osasun apurra lapurtzen ari zara. Eta ez gara gauza elkarri besarkada on bat emateko", esango dio semeak aitari. Hitz ematea erraza da. Betetzea, bidaia mingarria, batez ere, aurrean duzuna nor den ez dakizunean.Joxe Ramon Soroizek hartuko du aitaren papera, eta Patxi semearena, berriz, Joseba Apaolazak. Jabier Muguruzak ere parte hartu du antzezlanean. Antzezlan gogor eta aldi berean ederrak euskarazko testurik onenaren Max saria irabazi zuen.