Druida Eremua Pikurrocken

Guaixe 2011ko urriaren 28a

Ez da azken orduan musika jaialdiko kartelera gehitu den talde berri bat, baizik eta Hegoak elkarteak jaialdiaren gunean sortuko duen espazio bat. 21:30etik 2:00etara zabalik egonen dena. Hegoak elkarteko furgoneta etorriko da eta elkarteko kideek drogen kontsumoaren inguruko informazioa eman nahi die horretan interesa duten pertsona guztiei. Druida Eremuak bi espazio bereizi ditu. Furgonetaren barruan, modu erosoan eta erabateko intimitatean, sustantzien analisiak egiten dira. Horrela, kontsumitzaileak duen sustantzia aizundua dagoen edo ez jakin dezake. Bestelako informazioa ere ematen dute furgonetan, esaterako, badirela tresna batzuk substantzien purutasuna neurtzen dutenak. Edo, hala eskatuz gero, sustantzien kontsumitzaile gisa dituzten eskubide eta betebeharren berri ematen dute. Bigarren eremua, toldopean dagoen informazio mahaia da. Hegoak elkarteko kideek hurbiltzen den pertsonari interesa duen gaiaren inguruko informazio pertsonalizatua ematen diote, dela drogez eta haien ondorioez, dela legediaz, dela krisialdietan jarraitu beharreko jokabideez, dela sexua eta drogen inguruan...Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Drogamenpekotasun Prebentzio Programak antolatutako jarduera da, Irurtzungo Udalaren laguntzaz.