Pikurock arrakastatsua

Guaixe 2011ko azaroaren 3a

Lastailarekin batera joan da X. Pikurock. Antolatzaileek esan dutenez, "jaialdia espero bezala joan zen, giro polita eta jatorrarekin". "Gaua inolako arazorik gabe joan zen eta kontzertuak martxa onean burutu ziren" jakinarazi dute antolatzaileek. Antolakuntzak prestatutako 4-5 autobusak bete ziren; "alde txarra errepidean ezarritako kontrolak izan ziren". Kerasy etxeko taldeak eman zion hasiera Irurtzungo euskal musika jaialdiari. Ondoren, Zea Mays etorri zen. Orduek aurrera egin ahala kiroldegia gero eta beteago zegoen. Festa Gatibu, Txarrena eta Kaotiko taldeekin lehertu zen. Jai giroa Pikurock jaialdian klasiko bilakatu den plaza taldearekin amaitu zen, Etxarriko Tximeleta taldearekin. Kanpoko karpan ere "giro aparta egon zen gau osoan zehar". Horretan lagundu zuten Goienetxe anaiek, DJ Jo ta Txok eta DJ Bullek. Jendea ezin agurtu ibili ziren. Pikurock jaialdiak 10 urte bete dituen honetan, esan daiteke helburu bat bete dutela: "urtero-urtero Irurtzunen eta Arakilen euskal musika jaialdi erraldoi bat ospatzea". Luzera begirako helbururik gabe, urtez urte lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute. Esker hitzak izan dituzte musu-truk aritzen diren 160 laguntzaileendako. Izan ere, "haiek gabe ezingo litzateke jaialdia antolatu". Urtero bezala, eguberrietan Pikuxarren afaria eta festa antolatuko dute eskerrak emateko.