Euskal folklorearekin agurtuko da 2011ko Folk ametsetan zikloa. Joseba Tapia nekaezinak Eta tira eta tunba... ikuskizuna dakar. Umorez eta ironiaz betetako emanaldia da. Umorearen azpian karlisten eta liberalen arteko talkak daude. Abeslariak liberalen eta karlisten esperantza eta frustrazioen berri emanen digu, euskal tradizioko kopla eta bertso zaharrak berreskuratuz. Soinu txikia eskuan, Joseba Tapia trintxeraz trintxera ibiliko da eta bi txaranga erreklutatuko ditu: liberalena (Iban Urizan tronpeta, Ibon Irijoa saxoa, Asier Ituarte tronboia eta Ramontxo Vega tuba) eta karlistena (Filipe Aldako tronpeta eta tuba, Alain Martineau saxoa, Mintxo Garaikoetxea bonbardinoa eta Jokin Irungarai jazpana) berri ematen. Batzuetan istorio alaiak ekarriko dituzte, besteetan tristeak, beti hunkigarriak.