Inasako zuzendaritzak proposamena aldatu du

Guaixe 2011ko azaroaren 18a

Astelehenean bildu ziren Inasako zuzendaritza  eta enpresa batzordea (CCOO 4, LAB 2, UGT, Solidari eta Koadroak bana). Zuzendaritzak aurreko astean 52 langile kaleratzea edo hartzekodunen konkurtsoa egiteko aukera jarri zuen mahai gainean. Astelehenean, berriz, zuzendaritzak beste proposamen bat aurkeztu zuen: lan txandak 5etik 3ra jaitsi nahi ditu. Horrek langileak "soberan" egotea ekarriko luke. Horregatik, garagartzaroan sinatutako enplegu erregulazio espedientea kontuan izanik 12 langile aldez aurretik erretiroa hartzeko proposatu du. Sakanako LABeko ordezkari Gaizka Uhartek azaldu digunez, neurri horretaz gain, lan ordu gehiago sartzea eta mugikortasun funtzionala proposatu dute. LABeko kideak kritikatu egin du Inasan industria planik ez dagoela. Eta konkurtsoaen mehatxua mahai gainean jarraitzen du. Gaurkoan bilera dute aldeek berriz. Heldu den astean lantegiko nagusiak, Bavaria Industriekapital, Baikapeko ordezkariak datoz.