Herrian erosteagatik, zare erraldoia bete opari

Guaixe 2011ko azaroaren 18a

Erosketa bakoitzeko zare erraldoi baten eta bi zareren zozketarako txartelak banatuko dituzteIrurtzungo 34 denda, ile-apaindegi, estetika zentro eta tailerrek, udalaren laguntzaz, erosketak herrian egitera animatzeko kanpaina martxan jarriko dute. Irurtzungo merkataritza bulkatzeko eta herrian bertan dagoen aukera zabala ezagutarazteko balioko du kanpainak. Herriko merkataritzaren gertuko zerbitzua azpimarratzearekin batera, herriari merkataritzak ekartzen dion dinamismoa ere nabarmendu dute kanpainaren antolatzaileek. Aldi berean, erosketak Irurtzunen egiteak herriko ekonomia garatzen eta lanpostuak mantentzen laguntzen dutela esan digute. ZozketaIaz eguberritan halako kanpaina bat egin zuten 16 merkatarik eta mugimendua izan zela ikusita aurten errepikatzea erabaki zuten. Saria aldatu dute ordea, erosketa bonoak zozketatu beharrean, hiru zare zozketatuko dituzte. Orain arte saltoki bakoitzak berea egiten zuen bere bezeroen artean zozketatzeko. Horiek guztiak bildu eta hiru zare zozketatuko dituzte, haietako bat, erraldoia. Herrian bertan salgai dauden produktuekin osatuko dituzte zozketatuko diren zareak. Hala, telebistak, ordenagailuak, jakiak, edariak eta beste eskuratuko dituzte irabazleek.Abenduaren 24an, udaletxean, eginen da zareen zozketa. Ordura arte kanpainarekin bat egin duen saltokietako batean erosketa egiten duenak zozketarako txartela bat jasoko du. Gainera, erosketa egitera iaz banatu ziren erosketa poltsa laranjekin joaten denak zozketarako txartel gehigarri bat jasoko du. Poltsa horiek udalak banatu zituen baina halakorik ez duenak, euro baten truk, eskuratu ditzake herriko dendetan. Gure merkataritza, Irurtzun leloa dute idatzita. Irurtzungo merkatariek ez dute elkarterik sortu baina, aurrera begira, elkarlanean segitzeko asmoa azaldu dute. Ez dute baztertu eguberriko kanpainaz aparte urteko beste sasoietan antzeko beste zerbait egitea.