Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo literatura taldeak hileko lehen ostegunera aldatu du bilera. Abenduaren 1ean du hurrengo hitzordua. Irurtzundarrek Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea liburua landuko dute. Liburu honek Bernardo Atxagaren aurreko guztiak hartzen ditu bere baitan. Irakurleek lehendik ere ezagunak zaizkien pertsonaiak eta gaiak aurkituko dituzte orrialde hauetan, eta, tarteka, Obabakoak edo Gizona bere bakardadean bezalako liburuen barruan sentituko dira. Aldi berean, ordea, berria egingo zaie dena: mundu zabalagoa eta sakonagoa aurkituko dute, giza esperientziari estu lotzen zaiona. Irurtzungo irakurketa taldearen deiak Atxagaren munduan murgiltzeko aukera ematen digu. Interesatuek liburua hartu dezakete Irurtzungo liburutegitik, gaztelaniaz nahiz euskaraz. Ondoren, literatura tertulian idazleari eta liburuari zukua ateratzeko aukera izanen da.