Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren 3ak, Euskararen Egunak, urtero-urtero, Euskal Ekitaldiak ekartzen ditu Irurtzunera. Haien bidez, Aizpea taldeak euskara kalera atera nahi du. Irurtzungo euskara taldeko Mikel Goldarazenak eta Gotzone Sainz de Murietak eman ziguten ekitaldien berri.Ohi bezala, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emanen diote hasiera Euskal Ekitaldiei. Pailazo arrakastatsuek Zazpikoloroa ikuskizun berria aurkeztuko dute. Irurtzungo euskara taldeak Bierrik Fundazioari emanen dizkio emanaldiaren irabazien % 40, "egoera larrian dauden Guaixe eta Beleixe euskal hedabideei laguntzeko". Abenduaren 5ean, Iñaki Perurenak "Harri eta herri" hitzaldia emanen du. Ez dute baztertzen aurrerago Leitzako harri-jasotzailearen Peru Harri bisitatzea. Oraingoz, ziur dagoen irteera abenduaren 6an eginen dutena da. Aurten irteera kulturala eginen dute Gasteizko katedralera eta Artium museora. Trenean joanen dira "herriak batzen dituen trena aldarrikatzeko". 40 bat lagun joanen dira. Julio Sotok eta Sustrai Colinak agurtuko dituzte Euskal Ekitaldiak, abenduaren 17ko bertso-afarian. Bertan gabonetako saskia zozketatuko dute Euskal Ekitaldietan parte hartu dutenen artean. Euskaldunak eragiten Mikel Goldarazenak ekitaldien aurkezpenean azaldu zuenez, "Irurtzunen gero eta euskaldun gehiago daude, baina euskararen erabilera nahiko baxua da". Irurtzungo eta Arakilgo euskaldunei konpromiso pertsonala eskatu zien. Hor kokatzen da Iker Uribetxebarria lakuntzarraren "Irurtzunen euskaraz bizi nahi dugu" lema duen graffitia. Bihar, 13:00etan mustuko dute. Euskararen erabilera sustatzen duten ekimenen artean dago Mintzakide, Irurtzunen 7 laguneko talde indartsua dago. "Euskara trebatzeko aukera ematen du eta euskaldun sareak zabaltzen ditu" azaldu zuen Idoia Artiedak. Ekimenean parte hartzera animatu zituen irurtzundarrak "euskaldun berriak euskalduntzea euskaldun guztien mesederako baita". Euskal Ekitaldiak 2011Graffitiaren mustutzea. Abenduak 3, larunbata, 13:00etan, kiroldegian.Pirritx, Porrotx eta Marimotots: Zazpikoloroa. Abenduaren 3an, larunbatean, 17:00etan, kiroldegian.Iñaki Perurena: Harri eta herri. Abenduaren 5ean, astelehenean, 19:30ean, kultur etxean.Gasteizera bidaia. Abenduaren 6an, asteartean, 8:45ean, Izurdiagatik.Bertso-afaria: Julio Soto eta Sustrai Colina. Abenduaren 17an, larunbatean, 21:30ean, Iratxon.TXARTELAKPirritx eta Porrotxen sarrerak (6 euro): Martxuetan eta PikuxarrenGasteizko bidaia (30 euro bazkaria barne): Eman izena Iratxon edo PikuxarrenBertso-afaria (15 euro): Eman izena Iratxon eta Pikuxarrenwww.blogak.com/irurtzuneuskarazEuskal Ekitaldien berri web orrian