Irurtzundarrak euskararekin bat

Guaixe 2011ko abenduaren 13a

Irurtzundarrek Aizpea euskara taldearen ekimenarekin bat egin zuten abenduaren 3an, Euskararen Egunean. "Irurtzunen euskaraz bizi nahi dut" graffitian parte hartuz, herritarrek euskararen aldeko konpromisoa hartu zuten. Iker Uribeetxeberriak Irurtzungo kiroldegian egindako graffitia elkarlanean osatu zuten. Graffitiaren mustutzearekin eman zioten hasiera 2011ko Euskal Ekitaldiei. Arratsaldean euskal festak etxeko txikiekin zuen hitzordua. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek leporaino bete zuten Irurtzungo kiroldegia. Haurrek eta haien gurasoek pailazoen azken laguna ezagutu zuten, Zazpikoloroa. Joan zen asteko zubian irurtzundarrek Iñaki Perurenaren hitzaldia eta Gasteizko bidaia kulturala izan zituzten. Hurrenez hurren, 25 eta 41 lagunek parte hartu zuten ekitaldietan. Trenez Gasteizerako bidaia egin zutenek, Juantxo Madariaga historialariaren azalpenak entzuteko aukera izan zuten.Euskal Ekitaldiak larunbatean amaituko dira Julio Sotoren eta Sustrai Colinaren bertso-afariarekin.