Izaki mitologikoen MaskaraDa

Guaixe 2011ko abenduaren 30a

Orritz-Iskidi taldeak koreografia ikusgarriak prestatu dituJentilek, Tartalok, Marik, Akerbeltzek eta beste zenbait pertsonaia mitologikok bizia hartuko dute gaur gauean Irurtzungo kiroldegian. Orritz-Iskidi taldeak MaskaraDa ikuskizuna berritu eta egokitu du. Antzerkia, dantza eta musika batu dituzte emanaldi ikusgarrian. Sakandarrak euskal mitologiaren misterioan murgiltzera gonbidatzen dituzte.Irurtzundarrek esperientzia handia dute dantza ikuskizunak antolatzen. Horren adibide dira Gaueko argia eta Gauez gau ikuskizunak. MaskaraDa ikuskizuna joan zen urteko uztailean mustu zuten. Orain ikuskizuna egokitu eta moldatu dute. Maskarekin batera, protagonismo handiagoa izanen dute izaki mitologikoek. Bestalde, ikus-entzunezkoen audioarekin sortutako arazoak konpondu dituzte. Orritz eta Iskidi taldeek zenbait herritarren laguntza izanen dute. MaskaraDa 40 bat arakildarren elkarlanaren fruitua da. Antzezleak, dantzariak eta musikariak aterako dira eszenatokira. Angel Sagües zuzendariak koordinatu du haien guztien lana. Antzerki eta dantza irakasleak indar plastiko handiko ikuskizuna prestatu du. Ikuskizunari Ismael Yagüek jarri dio musika. "Bere lana ezinbestekoa da eszenak lotzeko eta ikuskizunaren lirika nabarmentzeko" diote antolatzaileek. Denen artean izaki mitologikoen koreografia ederrak sortu dituzte. Haien bidez, urteetan ahoz aho transmititutako kondairak zabalduko dituzte.Mitologia zabaltzenMendeetan belaunaldiz belaunaldi zabaldu dira Euskal Herriko izaki mitologikoen istorio eta kondairak. Azken urteetan, ordea, eten egin da ahoz ahoko transmisioa. Arbasoen altxorra eutsi nahian, Orritz eta Iskidi taldeak bizia eman zien pertsonaia mitologikoei. Duela 10 urte baino gehiago sortu zituzten euskal pertsonaia mitologikoen panpinak. Urtez urte goma-espumazko pertsonaiak gehitzen joan dira, 20 bat panpina sortu arte. Izaki mitologikoek bizia hartzen dute Orritz eta Iskidi taldeek emanaldietan, Euskal Herriko zenbait txokotako haurren irri eta malkoak sortuz. Bestalde, azpimarragarria da Irurtzungo Orritz eta Iskidi taldeek Sestaoko Adarmendi elkartearekin batera argitaratu zuten Jentilen aztarnen atzetik liburu eta DVDa. Gaur gauean atzera ere salgai jarriko dituzte prezio berezian. SarrerakHelduak: 5 euro16 urtez azpikoak: 1. emanaldia: 2 euro. 2. emanaldia: doan.Aldez aurreko saltokiak: Pikuxar euskal txokoa, Martxueta liburu denda