Ekialdeko eta mendebaldeko dantzak

Guaixe 2012ko urtarrilaren 5a

Adasha hitzak "harritu, liluratu" esan nahi du. Hain zuzen, horretan saiatuko da izen hori hartu duen dantza taldea. Nafarroako dantzariek ekialdeko dantzen magia ekarri nahi izan dute gurera. Fusioan oinarritutako dantza emanaldia eskainiko dute datorren astean Irurtzunen.Adasha taldea 2008an sortu zen. Gaur egun Rebeka Erice, Ainhoa Iturgaiz eta Naroa Ciriza dantzariek osatzen dute taldea. 2004an murgildu ziren dantza munduan Alicia Cancelekin. Ikasketak Espainiako eta Frantziako nazioarteko dantza irakasle ezagunenetarikoekin osatu dituzte. Hirukoteak ekialdeko zenbait dantza landu dituzte: beloaren dantza, ezpatena, dantza gotikoa, erritmo arabeak... Dantza horiek beste diziplina batzuekin aberastu dituzte: tribuen dantza, Bollywwod, flamenkoa, jazza, hip hop, dantza klasikoa edota garaikidearekin. Estilo ezberdinak uztartuz edertasun plastiko handiko ikuskizunak eskaintzen dituzte.Nafarroan eta Espainiako zenbait hiritan dantzatu dute. 2009an Farah Diva Valladolideko ekialdeko dantza lehiaketan nagusitu ziren. Adasha gaua ikuskizuna Nafarroako Artista Gazteen finalera sailkatu da.