Maskara-dantza ikusgarria

Guaixe 2012ko urtarrilaren 9a

Irurtzungo Orritz eta Iskidi taldeek ikuskizun paregabearekin agurtu zuten urtea. Pertsonaia mitologikoen maskarek bizia hartu zuten une batez. Dantza eta antzerkia bateratuz, euskal mitologiako kondairak zabaldu zituzten. MaskaraDa ikuskizun ederrak istorio mitologikoetan murgildu zituen ikusleak: zenbait haitzulotan bizi zen Mariren berri izan zuten; ustez gaiztoa zen Gizotso dantzan ikusi zuten; Lamiak izandako haurraren lekuko izan ziren; Akerbeltz eta sorginen akelarrea ikusi zuten; Galtzagorri jostagarriekin batera dantzatu zuten; lainopean herensuge beldurgarria ikusi zuten; Basajaun eta Basandereren arteko liskar eta adiskidetzearen barre egin zuten; eta Jentil indartsuen harri koskorrak jaso zituzten...Orritz eta Iskidi taldeko 40 bat dantzarik parte hartu zuten ikuskizunean Angel Sagüesen zuzendaritzapean.  Bi emanaldietan ederki bete zen Irurtzungo kiroldegia. Bertaratu zirenek Ismael Yagüeren zuzeneko musikaz, dantzaz, antzerkiaz, argi-ilun joko ederrez eta euskal mitologiaren magiaz gozatu zuten.