Udalak aurrekontua onartu du

Guaixe 2012ko apirilaren 19a

Atzo egindako bilkuran Altsasuko Udalak aurtengo aurrekontua onartu zuen. Haren aldeko boza eman zuten Bilduk eta Asun Fernandez de Garaialde Lazkanok. NaBaiko gainontzeko hiru zinegotziak eta PSNkoa abstenitu egin ziren. Aurrekontuen kontra bozkatu zuten UPNk, PPk eta IU-EBk. Bilduk adierazi du aurrekontua egokitua dela. Alkatetzako taldeak aurreko ostegunean jendaurrean aurkeztu zituzten aurrekontuak. Hasier Gonzalez ogasun zinegotziak eta Garazi Urrestarazu alkateak orduan adierazi zuten aurrekontua prestatzerakoan iaz zeuden zerbitzuak eta plantilla baldintza berean mantentzea izan dela irizpide nagusia. Horrekin batera diru-sailen kontrol zorrotza egin beharko dutela ere esan zuten.Aldi berean, nabarmendu zuten udalaren diru sarrerak asko jaitsi direla, bai Nafarroako Gobernuaren ekarpenak bai zerga bidez udalak jasotzen dituenak. Foru administrazioak ekarpenak murriztea udalaren bizkar eta zenbait zerbitzuren erabiltzaileren bizkar kostu handiagoa pagatu beharra zekarrela salatu zuen Gonzalezek.Bildu Altsasuko kideek aitortu zuten aurten ez dutela aurrekontua modu parte-hartzailean osatzeko ahaleginik egin. Baina haien asmoa etorkizunean bide hori jorratzea dela azaldu zuen Urrestarazuk.NaBaiko Unai Hualdek esan zuen pasa den urtean bere taldeak aurkeztutakoen oso antzeko aurrekontuak zirela Bilduk aurtengorako aurkeztutakoak. "Agian aurrekontu posible bakarra da. Baina orduan zinegotzi independentistek kontrako boza eman zuten. Kudeaketa txarra, lan falta, krisiari errua leporatzea erraza zela, 2010eko murrizketak mantentzen zirela eta beste leporatu zitzaigun". Pasa den urtean bezala Hualdek nabarmendu zuen "udalaren sarreretarako, objetiboki urteetako egoera zailenenean gaude". Hualdek aurrekontuan joera kezkagarriak daudela esan zuen, "eta neurriak hartu beharko direla uste dut". Batetik, langileetara eta atxikitako erakundeei bideratzen zaion dirua aurrekontuaren %70 dela. "Hori mantentzeko apustua egiten da. Noiz arte? " Langileriarako eta funtzionamendu-jardueretara bideratzen denaren aretan desoreka nabarmena dagoela azpimarratu zuen. Bestalde, Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko kirol zerbitzuen bikoizketa dagoela ere nabarmendu zuen. "Ez da ikusten den zerbitzurako ematen diren 35.000 euroak zer bueltatzen den". Gai horretan esku hartu beharko dela esan zuen Hualdek, bestela, banaketa sustatuko lukeela. Asun Fernandez de Garaialde Lazkanok (NaBai) aitortu zuen langileak eta zerbitzu guztiak mantentzeko ahalegin handia egin zela aurrekontuetan. "Ona dela uste dugu". Udalak krisi garaian erakunde ahulenak direla nabarmendu zuen. "Sarrera gutxiago dituzte, zergengatik eta Nafarroako Gobernuaren murrizketengatik. Gainera, udalek beraiei ez dagozkien zerbitzuen ardura dute bere bizkar". Bestalde, nabarmendu zuen Altsasuk beti merezi izan dituela aurrekontuak, "norberak hausnartu beharko du zergatik izan diren aurrekontuak batzuetan eta besteetan ez". PPko Frances Parisek langile plaza gehiago ez ateratzeko eta langileria gastua murrizteko garaia izan zitekeela adierazi zuen. "Aurrekontuetan ahalegin hori egiteko garaia zen, pixka bat doitzeko". Zinegotzi popularrak  nabarmendu zuen euskarari zuzendutako partidak %2,8 direla eta lanaren sustapenerako %0,8. "Agian egungo egoeran altsasuarrek lan gehiago eta euskara gutxiago nahi dute". Presoen senideei bideratutako diru saila biktimendako irain bat zela uste zuela adierazi zuen. Eta Ataboko langile eta NaBaiko zinegotziaren ordezkatzea eskatu zuen, "inor ez da ezinbesteko". EmendakinakBilduk bost emendakin aurkeztu zituen,onartu egin zirenak. Batetik, Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuari 2.631 euroko ekarpena egiteko. 75.000 euroko beste bat, zergen kontrolerako plana aurrera eramateko. 5.000 euro gehiago bideratuko dira autoak jasotzeko garabia zerbitzua martxan jarri ahal izateko. Plantilla organikoak izandako akats bat zuzentzeko 4.221 euro bideratuko dira eta, azkenik, 550 euro izendapen aldaketa bategatikNaBaik bi emendakin aurkeztu zituen. Iratxe kontsumitzaileen elkarteak zerbitzua ematen segitzeko (2.276 euro). Gobernuak jarriko duen zerbitzua eta Iratxerena osagarriak zirela defendatu zuen NaBaik, "eta, gainera, gobernuaren bulegoan zenbait gai ez dira lantzen, eskaera gehien dutenak hain zuzen". Bestetik, NaBaik udal azpiegituretan Altsasuko biomasaren erabilera aztertuko duen bideragarritasun eta ikerketa teknikoa egiteko 2.000 euro bideratzea proposatu zuen. Emendakina azkenean atzera bota zen baso ordenazio planari jarritako helegiteari Nafarroako Gobernuak zein erantzun emanen dion aztertu zain. IU-EBk 5 emendakin aurkeztu zizkien aurrekontuei, baina "bat bera ere aurrera ateratzeko nahikoa babes lortzea ezinezkoa izan denez, erretiratu egiten ditugu. Etorkizunean aurrera eramateko asmoa dugu". Arturo Carreñok proposatu zuen Ataboko langilea den NaBaiko zinegotziak kargua uztea diru hori aurrekontuan erabili ahal izateko. Sakanako Mankomunitateko kirol eta euskara zerbitzuei egiten zaien ekarpena %15 jaistea proposatu zuen. Bestetik, kultura eta gazteria sailetako aurrekontua %10 murriztea eskatu zuen. Handik ateratako dirua kaleak zolatzera, jubilatu elkartearen gastuetara, bideen mantenura, Zelandi eskolaren eta Txirinbulo haur eskolaren konponketetara eta udal langileei zor zaizkien atzerapenak azkarrago ordaintzera bideratzea proposatu zuen. Azken puntu horren inguruan, aurreko ostegunean Hasier Gonzalezek eta Garazi Urrestarazuk jakinarazi zuten Altsasuko Udalak eta langileen ordezkariek akordioa lortu dutela. Antzinatasun sari batzuk zor zaizkie langileei eta haiek 3 urtetan ordaintzean  adostu dute.  Guztira                  1.400 €