Irurtzundarrak Los Arcosen

Guaixe 2012ko apirilaren 24a

Espainiako Abiadura Txapelketako lasterketak jokatu ziren igandean Nafarroako Zirkuituan. Moto 2 mailan Alex Mariñelarena aurreneko tokitik abiatu zuen proba. Irurtzundarra azken bueltaraino lasterketa buruan izan zen eta irabazteko borrokan aritu zen. Hala ere, ezin izan zuen irabazi eta Jordi Torresen atzetik sartu behar izan zuen helmugan. Bi probaren ondoren Torres da sailkapen nagusiko liderra, 35 punturekin. Mariñelarena 2. da 2 puntu gutxiagorekin. Stock Extreme mailako lasterketak bukaera ikusgarria izan zuen, proba azken bihurgunean erabaki baitzen. Carmelo Morales izan zen helmuga gurutzatzen aurrena. Juan Mari Olias Melero 13. sailkatu zen. Bi lasterketen ondoren Morales da sailkapeneko buru 45 punturekin. Olias 14. da 6 punturekin. Gidari irurtzundarren hurrengo hitzordua maiatzaren 27an izanen da, Alcañizko zirkuituan.