Ibilaldi handia Sakanan barna

Guaixe 2012ko apirilaren 27a

Larunbatean, 6:00etatik aurrera, martxan jarriko dira parte-hartzaileek. 900 mendizaletik gora izena emanda daude Sakanako Ibilaldi Handian. Bi ibilbide izanen dituzte aukeran: luzea bata, 55,6 km-koa, eta San Donato, Aralarko santutegia eta Trinitate ermita lotzen dituena. Laburragoa bestea, 40,1 km-koa, Irañetako bidea izenarekin ezaguna, azken ermitara igotzen ez dena. Iratxok antolatutako proba X. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituan eta IV . Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Zirkuituan sartuta dago.Aurtengoan berritasuna du Sakanako Ibilaldi Handiak. Iratxo elkarteak mendizaleak 1512a eta Nafarroako Erresumaren zorigaiztoko konkista gogoratzera gonbidatu ditu. "Erresuma defenditu zuten gazteluetako baten aztarnak bisitatzeko aukera eman nahi diegu, Orraregiko gaztelua, 1025 metro dituen Gaztelu tontor zorrotzean dagoena". Ibilaldia ordu erditxo bat besterik ez duela luzatuko azaldu dute Iratxotik.