Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Inasako langileek maiatzean astero bi egunetan greba eginen dute: astearteetan eta asteazkenetako goizetako txanda eta ostegunetan eta ostiraleko goizeko txanda. Aurreneko greba eguna gaur egin dute eta langilek deialdiaren erabateko jarraipena egin dute. Langileak enpresako atean daude eta inguruan Guardia Civilaren hiruzpalau auto daude. Gaur, 16:00etan, langileek batzarra dute. Enpresa batzordeak (CCOO 4, LAB 2 eta UGT, Solidari eta Koadroak bana) orain arte zuzendaritzarekin izandako hartu-emanen berri emanen du. Inasako zuzendaritzak enpresako akordioa utzi eta Nafarroako metalgintzako lan hitzarmena ezartzea nahi du. Horretarako Espainiako Gobernuak onartu berri duen lan merkatuaren erreformaren 41. artikulua erabili nahi du. Horrek soldatak jaisteko aukera ematen dio enpresari. Bataz beste %30eko jaitsiera baino kasu batzuetan %70era ere iristen dira, LABeko kide Fernando Carrionek jakinarazi digunez. Inasako zuzendaritzak aurreko ostiralean aurkeztu zuen 41. artikulua aplikatzeko eskaera. Bi asteko kontsulta epearen ondoren 7 egun izanen ditu enpresak langileen soldata murrizketak indarrean jartzeko. CCOOko kide Sergio Sueskunek esan digunez, enpresa batzordea negoziatzeko prest dago, baina 41. artikuluaren aplikazioa baztertzen badute. "Orduan hartu litezkeen neurriak negoziatzeko prest geundeke". Langileek garbi dute enpresa ongi kudeatuta bideragarria dela. Bestetik, langileek egindako ahaleginak ere nabarmendu ditu enpresa batzordeak.