Inasa husten ari da zuzendaritza

Guaixe 2012ko maiatzaren 7a

Langileek bihar greba eginen dute eta ostegunetik aurrera mugagabea izanen daInasako enpresa batzordeko (CCOO 4, LAB 2 eta UGT, Solidari eta Koadroak bana) kideak eguerdian Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentura joan dira salaketa egitera. Enpresa zuzendaritzak ekoizpena lapurtu duela salatu dute foru administrazioaren aurrean. Izan ere, ostiral gauean zuzendaritzak hala aginduta ekoizpenerako lehengaiak (aluminio bobinak eta beste) taldeak Gandian eta Amorebietan dituen beste lantegietara eramaten hasi zen. Horretarako Inasako zuzendaritzak Guardia Civilaren eta Foruzaingoaren laguntza izan duela salatu du enpresa batzordeak. Ostiralean kamioien irteera eragoztera joan zirenen kontra kargatu egin zuten. Atzora arte gutxienez 15 kamioi atera ziren Irurtzungo lantegitik. Haiek kargatzeko Aldi Baterako Lan Enpresa (ABLE) baten bidez kontratatutako langileak 12 orduko lanaldiak egin dituzte. Inasako enpresa batzordeak langile horiei elkartasuna adierazi die, dituzten lan baldintzengatik. Enpresa batzordeak, bestalde, ekoizpen lapurreta salatu du: "langileen morala hondoratzeko ongi prestatutako estrategia baten ondorioa da, enpresa amildegi arriskutsu batean jartzen duena". Guztiaren arduradun Santiago Gonzalez kudeatzailea egin dute. Greba mugagabeaInasako zuzendaritzak (Bavaria Industriekapital, Baikap, arrisku-kapital enpresa alemaniarrarena da) apirilaren 2an lan baldintzak aldatzeko moldaketa aurkeztu zuen, Espainiako Gobernuaren lan erreforma baliatuz. Langileen soldata, bataz beste, %35 murriztu nahi du eta urtean 50 ordu gehiago lan eginarazi nahi die. Langileek haien eskubideen kontrako erasotzat jo zuten. Zuzendaritzarekin bildu eta egoera bideratzeko ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira, ez dute biltzeko aukerarik ere izan. Zuzendaritzak, bestalde, lan erreformako 41. artikulua aplikatzeko eskaera egina du. Ostiralean despeditzen da kontsulta epea eta gero 7 egun izanen du neurriak indarrean jartzeko. Horri erantzun asmoz langileek maiatzean astero bi greba egun egitea erabaki zuten: astearte eta ostegunetan. Osteguna izan zen lehena. Zuzendaritzak hartutako neurriak ikusita, langileek batzarrean erabaki zuten greba mugagabea egitea. Hori ostegunean hasiko da. Bitartean, bihar eta asteazkeneko goizeko txandan langileek greba eginen dute. ManifestazioaAtzokoan Irurtzunen 1500 pertsonak manifestazioa egin zuten. Enpresa ez ixteko eskatzearekin batera, Irurtzunen kalitatezko enplegua aldarrikatu zuten. Aldi berean, zuzendaria kargutik kentzea eskatu zuten.