Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo mugagabeko greba hasi zuten langileek. Nafarroako Gobernuaren bitartekaritzarekin zuzendariarekin negoziatzea erabaki zuen ondoren batzarrakAsteburuan zuzendaritzak ekoizpenerako materialak atera ditu Gandiara eta Amorebietara eramatekoOstegunean eta asteartean greba egin ondoren, atzo Inasako 177 langileek mugagabeko greba hasi zuten. Bezperan enpresa batzordeak Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza eskaintza jaso zuen. Zuzendaritzak baldintzak aldatzeko kontsulta epea luzatu zuen. Bi horiek kontuan izanik, batzarra egin zuten langileek eta deialdia behin behinean bertan behera uztea erabaki zuen. CCOO, Solidari, UGT eta CC alde eta LAB kontra zeudela, langileen batzarrak erabaki zuen Nafarroako Gobernuari 4 puntuko akordio bat aurkeztea, negoziaziorako joko-zelaia nolabait arautuko lukeena: zuzendaritzak erreforma atzeratzea, langileek greba atzeratzea, lantegiak normal lan egin dezala eta enpresa batzordeak eta zuzendaritzak proposamenak egin ditzatela. Ondoren, Lan Bitartekaritza sartuko litzateke. Azken orduan zuzendaritzak akordioa sinatu zuen. Akordioa hautsiko balu langileak grebara bueltatuko liratekeBeraz, gaur goizean langileak lanera bueltatu dira eta haien ordezkariak negoziazio mahaira eramateko proposamenak adostuko dituzte. Solidariko Alfonso Torresek jakinarazi digunez, Nafarroako Lan Auzitegia izanen litzateke bi aldeen artean bitartekari lana eginen lukeena. Aldeak entzun ondoren, zer egin litekeen aholkatuko luke. LAB sindikatua greba bertan behera uztearen kontra azaldu zen. Langileen batzarra lan erreformaren aplikazioaren kontra greba bidez egitea erabaki zuela nabarmendu zuen. Bestetik, zuzendaritzak konfiantzarik ez zutela garbi utzi zuten. Aldi berean, LABetik eskatu zuten Inasatik atera den material guztia bueltatzeko eta langile batzuei zor zaiena ordaintzeko. Langileen arrazoiakInasako zuzendaritzak (Bavaria Industriekapital, Baikap, arrisku-kapital enpresa alemaniarrarena da) apirilaren 2an lan baldintzak aldatzeko moldaketa aurkeztu zuen, Espainiako Gobernuaren lan erreforma baliatuz. Langileen soldata, bataz beste, %35 murriztu nahi du (kasu batzutan %70 ere) eta urtean 50 ordu gehiago lan eginarazi nahi die. Langileek haien eskubideen kontrako erasotzat jo zuten moldaketa. Zuzendaritzarekin bildu eta egoera bideratzeko ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira, ez dute biltzeko aukerarik ere izan. Alemaniako nagusiak apirilean Irurtzunen izan ziren, baina ez ziren langileen ordezkariekin bildu. Zuzendaritzak, bestalde, lan erreformako 41. artikulua aplikatzeko eskaera egina du. Gaur despeditzen zen kontsulta epea, baina enpresak 7 egun gehiago luzatzea erabaki du. Gero beste 7 egun izanen du neurriak indarrean jartzeko.Langileak ez dira fioApirilean, zuzendaritzaren asmoen berri jakin bezain laster, enpresa batzordeak (CCOO 4, LAB 2 eta UGT, Solidari eta Koadroak bana) negoziorako gutxieneko proposamen bat luzatu zion. Greba deitzeko mugimenduak ere hasi zituzten, baina enpresaren erantzunaren zain gelditu ziren, alferrik. Aste Santuko oporren ondoren mobilizazioei berrekitea erabaki dute langileek. Maiatzeko aste bakoitzean egunero bitan gelditzeko asmoa zuten. Baina zuzendaritzak 41. artikuluaren tramitazioa eskatu zuenez, eta mugagabeko grebarekin erantzutea erabaki dute. Solidariko delegatu Alfonso Torresek azaldu duenez, "14 hilabetez langileek tortura potroan egon gara. Gezurrak eta emandako hitzak ez betetzea sufritu ditugu". LABeko delegatu Fernando Carrionek gaineratu du langileek "xantaia, mehatxuak eta beste" sufritu dituztela. Torresek etorkizun plana eskatu du Inasarako, "besteek etekinak eramateko, langileek ez dugu apustu eginen". HustuketaOsteguneko grebaren ondoren, arratsaldeko lan txanda lanean hasi zen. Baina zuzendaritzak aluminioa ez urtzeko agindua eman zuen, asteburuan eta astelehenean lan egiteko aukera zegoen arren. Handik gutxira Aldi Baterako Lan Enpresa (ABLE) bateko langileak (12 orduko lanaldietan) eta kamioiak agertu ziren eta ekoizpenerako aluminio bobinak kamioietan kargatu eta eramaten hasi ziren. Horren berri izan ondoren, deialdi bati jarraituz 100 bat pertsona bildu ziren Inasako ateetan kamioien irteera eragozteko asmoz. Enpresa batzordeak ateratzen utzi zien. Hala ere, Guardia Civilak ezkutuekin jendea atetik bultzaka kendu behar izan zuen. Asteburuan 15 kamioi baino gehiago atera dira Gandiara eta Amorebietara. Gertaera horregatik enpresa batzordeak bi salaketa jarri ditu. Bata, lan ikuskaritzan eta, bestea, zigor-auzitegian. Santiago Gonzalezi greba eskubidearen kontra egitea leporatu diote. Kudeatzaileak berak onartu omen du bezeroen eskaerei erantzuna emateko ekoizpena beste lantegietara atera duela, baita konpetentziara ere. Gainera, igandean, Irurtzunen 1.500 pertsonak protestatzeko manifestazioa egin zuten. BilerakNafarroako Gobernuarekin asteazkenean bildu zen enpresa batzordea. Jarraipena eginen duen pertsona bat jartzeko prest azaldu zen gobernua. Iaz ere hala egin zuen, baina sinatutakoa ez da bete. Carrionek jakinarazi zuenez, Lan Departamentutik langileei greba deialdia bertan behera uzteko eskatu zieten langileei. Enpresak kontsulta epea 7 egun luzatu zituelako eta negoziatu zitekeelako. Aurreko hileko eskarmentuarekin, langileak ezezkoa eman zuten hasiera batean, baina, esan bezala, atzokoan batzarrak negoziazioei ekitea onartu zuen. "Baina gobernutik enpresariari ez diote inolako presio neurririk egin atera duen material guztia bueltatu dezan". LABeko kidea kexu azaldu zen, enpresaria nahi-eran ibiltzen delako eta langileek defentsarik ez dutelako. "Mobilizazioa eta borroka da gelditzen zaigun bakarra". Solidariko Torresek Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza "interesgarria" izan zitekeela esan zuen, "legea betetzen bada. Greba eskubidearen urraketa larria izan delako. Eta ezin da onartu". Irurtzungo alkate Txiki Iriarte ere Gonzalezekin bildu zen. "Bideragarritasuna lortzeko berak proposatutako helburuak bete edo itxi", mezu hori eman zion zuzendariak alkateari.