Triman arriskuan

Guaixe 2012ko maiatzaren 22a

Liga erregularra despedituta, Ohorezko mailako ligako titulua erabakitzeko play offak jokatzen ari dira. Liga erregularrean sailkatutako lehen zortzi taldeak daude lehian: El Pozo Murcia, Bartzelona, Inter Movistar, Caja Segovia, Lobelle Santiago, Triman Navarra Xota, Carnicer Torrejon eta Sala 10 Zaragoza.Play offetako lehen arerioa Inter Movistar taldea du Triman Navarra Xotak. Joaneko partida ostiralean jokatu zen Iruñean. Pabilioi Unibertsitarioa beteta, giro paregabea... baina Imanol Arregiren mutilek ezin izan zuten etxeko partida irabazi. Launa berdindu zuten bi taldeek emozioz betetako partidan. Eta berdinketa hausteko penaltyetan zortea Inter Movistarrek izan zuen alde (4-3). Etxean galdu izanak sekulako kolpea eman dio Irurtzungo taldeari. Hala ere, egoerari buelta ematen saiatuko dira Imanol Arregiren mutilak. Itzuliko partida ostiralean jokatuko dute, Alcalá de Henaresen. Badakite irabaztea oso zaila izango dela eta kantxa faktorea alde izango duela Interrek, baina saiatu saiatuko dira. Eta nola gainera. Irabaziz gero berdinketa hausteko hirugarren partida jokatu beharko lukete bi taldeek larunbatean Madrilen. Ea horrela den eta Trimanek play offetan aurrera egitea lortzen duen. Oso zaila da, Inter Movistar faborito argia delako, baina ez ezinezkoa.