Herenegun Santiago Gonzalezek, Inasako zuzendariak, langileen ordezkariekin zuen harremana hautsi eta lan erreformaren 41. artikulua aplikatuko zuela esan zuen. Gonzalezen erabakiari erantzunez, enpresa batzordea osatzen duten CCOOk (4), LABek (2), UGTk (1) eta Solidarik (1) greba mugagabea hastea erabaki zuten. Koadroen ordezkaritza kontra azaldu zen. Hala, bulegotako dozena erdi langile ez beste guztiek enpresa batzordearen deialdiari erantzun eta ez zuten lanik egin atzokoan. Gaur, aldeek hitzordua zuten Nafarroako Lan Auzitegian, bitartekariaren laguntzaz lan harremanak bideratzeko asmoz. Baina zuzendaritzako kiderik ez da joan. Gauzak horrela, langileek batzarra eginen dute gaur. Besteak beste hurrengo astetarako mobilizazioak prestatzen hasiko dira. AtzeratutaAurreko astean aldeen arteko negoziazioa izan zen ere. Langileen ordezkariek haien eskubideak murrizteko proposamenak aurkeztu zituzten, baina ez zuten aurrera egin. Ostiral goizean Inasako langileek zuzendaritzaren burofax bana jaso zuten etxean, lan erreforma baliatuz haien eskubideetan murrizketak eginen zituztela iragarri zien horrela. Jakinarazpena jaso bezain laster enpresa batzordeak langileak greba mugagabera deitu zituen. Ostiralean, 22:00etan, zen hastekoa. Baina 3 ordu lehenago zuzendaritzaren ordezkariek� 41. artikuluaren aplikazioa eten eginen zutela jakinarazi zuten. Langileen ordezkariek proposamena aurkeztu zuten eta gaurko hitzordua jarri zuten. Espainiako Gobernuaren lan erreforma baliatuz, Inasako zuzendaritzak langileen soldata, bataz beste, %35 murriztu nahi du (kasu batzutan %70 ere) eta urtean 50 ordu gehiago lan eginarazi nahi die. Langileek aurreko ostegunean greba mugagabea hastekoak ziren, baina Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza eskaintzak eta zuzendaritzak Lan Erreformaren 41. artikuluaren kontsulta epea ostiralera arte luzatzeak negoziaziorako aukera berri bat zabaldu zuen, atzo, antza, itxi egin zena.