Lapiko guztietan arroza

Guaixe 2012ko maiatzaren 30a

Besterik ez zegoen larunbatean Irurtzungo Foru plazan. Hori bai, makina bat zaporetakoa. Hainbat jatorritako sukaldariak batu zituen Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak eta Itxipuru taldeak antolatutako Munduko Arrozak ekimenak. Eta arrozaren usainera asko eta asko izan ziren plazara bildu zirenak. Gainera, sukaldariez gain, batukada, dantzak, musikak, erritmoak, idazkerak, hizkerak eta beste ezagutzeko, ikusteko eta dastatzeko aukera izan zen. Gainera, bisitari guztiek errezeta liburua eraman zuten opari etxera. Immigrazio teknikari Bego Zestauk azaldu digunez, "aniztasun errespetuzko kliman" pasatu zen goiza. Ondoren Ekuador, Irurtzun, Senegal edota Marokoko emakume eta gizonak, 40 bat, mahaiaren bueltan arrozak dastatzera gelditu ziren, bazkaltzera. Baten eta bestearen iritziak trukatuz, luze aritu ziren kultura aniztasunaren inguruan hizketan. Liburu arteanAste bat lehenago, maiatzaren 20an, eguraldiak batere lagundu ez bazuen ere liburu trukea egin zen Irurtzungo Foru plazan. Irurtzundar batek baino gehiagok etxetik liburua eraman eta beste batekin etxera bueltatzeko aukera izan zuen. Aldi berean, munduko hainbat tokitako esaera, olerkiak, atsotitzak... ezagutzeko bidea izan zen. Arabiar hizkerako makina bat liburu ere ikusgai izan ziren eta gazte marokoar batek beharrezko azalpen guztiak eman zituen. Bestetik, Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak eta Irurtzungo liburutegiak elkarlanean lurralde anitzetako istorioak, kontuak, bideoak... eta immigrazio gaiak lantzen duten liburu eta materialak ikuskatzeko aukera eskaini zuten. Euskaraz ere. Jakin-min handia sortu zuten material horiek.  Horietan interesa dutenek aipatu bi erakundeetara jo dezakete kontsulta egitera.