Inasako zuzendaritzak enpresa batzordea deitu du

Guaixe 2012ko ekainaren 5a

Greban 14 egun eman duten bitartean Inasako zuzendaritza desagertuta egonda. Hala salatu dute behin eta berriz enpresa batzordetik (CCOO 4, LAB 2 eta UGT, Solidari eta Koadroak bana). Atzokoan Lan Auzitegian biltzeko deia jaso zuten. Solidariko Alfonso Torresek azaldu digunez, langileen ordezkariak "enpresari entzutera joanen gara. Espero dugu zuzendaritzak ez duela gure lepotik barre eginen. Normala litzateke enpresak gure proposamenari erantzuna ematea baina, egia esan, denerako prest goaz". Torresek azaldu digunez, Inasako zuzendaritzak esaten duena esaten duela ere, idatziz esan dezala nahi dute. Lan Auzitegian bildu baino ordu bat lehenago, 16:00etan, NaBai, Bildu eta I-Eko politikariak Inasara joanen dira. UPNk, PSNk eta PPk langileen gonbitea errefusatu dute. Arratsaldean Inasan izanen diren 3 koalizioetako ordezkariek lan erreformaren inguruan duten iritzia emanen dute. Ondoren, enpresa batzordeak lan erreformak Inasan izan duen eragina azalduko du eta, azkenik, guztien arteko iritzi trukerako tartea zabalduko da.