Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur eta bihar Iruñeko San Lorenzo elizan itxialdia eginen dute Inasako langileek, Industrias Esteban enpresako langileekin batera. Alderdiekin biltzeko asmoa ere baduteLarunbatean 2000 pertsonatik gora bildu ziren Inasako langileei elkartasuna adieraztera eta langileak haien eskubideen defentsan egiten ari diren mugagabeko greban babesa emateko. Inasako langileak gure eskubideen alde leloa zuen pankartak zabaldu zuen manifestazioa. Inasako zuzendaritzak ostiralean lan erreformako 41. artikulua aplikatu zuen. Ondorioz, soldatak erkidegoko lan hitzarmenaren pare geldituko dira, hau da, bataz beste %35 jaitsiko dira (10.000 euro urtean). Horretaz gain, erreformaren ondorioz langileek 50 ordu gehiago lan eginen lituzkete eta onura sozialak galduko lituzkete (jangela, autobusa, bekak...). Manifestazio akaberan enpresa batzordeak zuzendaritzak negoziatzeko duten borondate falta salatu zuen. Sakrifizio handiak ekarriko lizkiekeen proposamena egin dutela ere gogorarazi zuten. Mobilizazioaren akaberan enpresa batzordeko kide Fernando Larrionek Beleixe Irratiari (FM 107,3) adierazi zion "une honetan impasse batean" daudela eta zuzendaritza "desagertuta" dagoela. Langileak "indartsu" daudela ziurtatu zuen. Aurreko ostiralean Irurtzun eta Iruñea artean bizikleta martxan egin zuten Inasako langileek. Bukaeran, Asientos Esteban enpresako langileekin batera Lan Departamentuaren egoitzaren aurrean kontzentratu ziren.