Inasako langileek mobilizazio ugari iragarri dituzte

Guaixe 2012ko ekainaren 12a

Batean eta bestean haien aldarrikapenak zabaltzen eta oihartzuna eman nahian ariko dira aste honetan Inasako 177 langileak. Gaur, 9:00etan, enpresa batzordeko kideak (CCOO 4, LAB 2 eta UGT, Solidari eta Koadroak bana) Lan Ikuskaritzaren egoitzara joanen dira. Zuzendaritzak grebarako eskubidea urratu duelako 4 salaketa jarri dituzte langileek, baina ikuskaritzak ez du inolako ebazpenik eman. Langileek zerbait esan dezala nahi dute eta, bestela Inasako zuzendaritzari greba eskubidea urratzen ez uzteko eskatuko diote. Behin Iruñean, 13:00etan, Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitzaren aurrean kontzentrazioa eginen dute Inasako langileek. Dendak itxitaIrurtzunendako Inasak duen garrantziaz jabetuta eta langileekin elkartasunez, Irurtzungo dendariek asteazkenean dendak bi orduz itxiko dituzte, 12:00etatik 14:00etara. Gainera, 13:30ean Foru plazan kontzentrazioa eginen dute. Ostegunean Inasako langileak Iruñean beste enpresa batzuetako langileen ordezkariekin bilduko dira, elkarren egoeraren berri emateko. Gainera, sindikatuetako buruekin ere bilduko dira. Ostiralean, berriz, 6:30ean, Iruñerako bidea hartuko dute Inasako langileek. Aurrekoan bizikletan izan zen, oraingoan, oinez. Iruñean, 13:00etan, kontzentrazioa eginen dute. 16:00etan, berriz, lantegi parean langileek, familiek eta lagunek hainbat kirolari eta kulturgileren babesa jasoko dute.