Inasak kalte ordainak Fogasak ordaintzea nahi du

Guaixe 2012ko ekainaren 21a

Atzo Nafarroako Lan Auzitegian bildu ziren Inasako zuzendaritza eta enpresa batzordea (CCOO 4, LAB 2 eta UGT, Solidari eta Koadroak bana). Santiago Gonzalez zuzendariak berretsi zuen 155 kontratu hausteko Enplegu Erregulazio Espedientearekin aurrera segituko dutela. Atzodanik hilabeteko kontsulta epea zabaldu da aldeen arteko akordioa lortzeko. Lehen hitzordua heldu den astearterako jarri dute. Hori hitzartu ondoren zuzendaritzak bere asmoen berri eman zuen. Iaz sinatutako akordioa ez dela bete salatu zuten langileen ordezkariek. CCOOtik gogora ekarri zen  Langileen Estatutuko 51.eta 52. artikuluen arabera inor ez botatzeko konpromisoa hartu zuela enpresak. Aldi berean, langileek jasan dituzten soldata murrizketen kopuruak itzultzeko eskatuko diote enpresari. Langileak Fogasatik kobratzea nahi zuela esan zuen Gonzalezek. Solidariko ordezkari Alfonso Torresek esan digunez, "sindikatuak hori eragozten saiatuko gara". Bileran tentsioa izan zen eta Gonzalezi delinkuente deitu zioten. Egoera baliatu zuen mahaitik jasotzeko. Langileek enpresa kargarik gabe haien esku uzteko eskatu diote zuzendaritzari. HarritutaAtzo oraindik enpresaren jokabidea ezin ulertu zebilen Lourdes Goikoetxea Zubeltzu industria kontseilaria, LABeko Fernando Carrionek azaldu digunez. Enpresarekin zuen bileran proposamenen bat jasotzeko izanen zela uste zuen, eta bildu baino pixka bat lehenago prentsaren bidez jakin zuen Irurtzungo lantegia itxiko zuela. Torresek azaldu digunez, "harendako zuzendaritzak ere ez du sinesgarritasunik. Ez du ulertzen zergatik antolatu duen halako showrik eta enpresak benetan zein asmo dituen jakin nahi du". Kontseilariak langileei ere esan die bere iritziz 51. artikuluari jarraituz, enpresak ordaindu behar dituela kaleratzeen kostuak. Bestalde, lan ikuskaritzari greba eskubiderako izan diren urraketak aztertzeko eskatuko dio Goikoetxeak. Carrionek gaineratu digunez, kontseilariak esan zuen lantegitik ez zela material gehiago aterako. AuditoriaIazko kontuen auditoria eskatu zuen aspaldi enpresa batzordeak eta oraindik ez du jaso. Inasak agiria hilaren 30erako aurkeztu behar du. Torresek esan digunez, "ez gara ematen ari diguten datuez fio. Bitartean 30a bino lehen akordio bat lortzen saiatuko da ziurrenik". ErreakzioakCCOOko "gogo biziz" kondenatu du Baikapek hartutako erabakia: "langileei egiten ari zaien xantaian beste koxka bat da". CCOOk ukatu egin du mugagabeko grebak itxiera ekarri duenik. "Greba ongi asko justifikatuta dago zuzendaritzak akordioak ez bete, materiala eraman, greba zeuden langileak ordezkatu eta enpresa batzordearen proposamen eskuzabal bat erantzun ez duenean". Iazko garagarzaroko akordioaren ondoren, CCOOk Irurtzungo zuzendaritzari lantegia martxan jarri eta antolatzeko gaitasun falta leporatu dio. "Akordioa lortzea zaila izan zen eta horregatik nahi izan genuen sinaduran Nafarroako Gobernua lekuko izatea". Inbertsiorik ez dela egin salatu du. Bildu Nafarroak industria kontseilariaren premiazko agerraldia eskatu du, "gobernuaren jarrera azal dezan" eta "erabaki larri hau gelditzeko edo Enplegu-Erregulazioko Espedientearen ondorioen aurrean zer egingo duen" azaltzeko. Gobernuak langileen eskubideak eta bizi kalitatea babesteko neurriak hartzea eskatu du koalizioak. Langileei elkartasuna azaldu die Bilduk eta enpresaren jarrera "itxia eta ezkorra" salatu. Larunbaterako Herri Ekimenak Iruñean deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu du. Sakanako ezker abertzaleak "enpresari arduragabe eta espekulatzailetzat" jo ditu Inasako jabeak, eta langileei elkartasuna adierazi die. Ezker abertzaleko kideen iritziz, "denoi dagokigu, Sakanan modu duinean, bizi eta lan egiteko eskubidea defendatzea. Egungo erakunde eta enpresari gehienak hartzen dituzten erabakiak ez datoz bat herritar gehienon nahi eta beharrekin". Erabaki gune "arrotzetatik alde egitea" eta "gurean bertako eredu sozio-ekonomikoa antolatu eta garatzea inoiz baino urgenteagoa" dela adierazi du ezker abertzaleak. Sakandarrak antolatzeko deia egin dute: "arapen iraunkor eta sozial bat helburu duten proiektuak martxan jarri behar ditugu". Inasako langileek hilaren 30erako Iruñean deitu duten manifestaziora joateko deia ere egin du.