Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Inasak eta Sakanak etorkizuna nahi dute. Nafarroako Gobernua konponbidea" leloa zuen pankarta batek zabaldu zuen manifestazioa. Manifestariak Inasaren itxieraren, zuzendaritzaren eta lan erreformaren kontra oihuka aritu ziren.Nafarroako Parlamentuaren parean despeditu zen manifestazioa. Enpresa batzordeko buru Antonio Ruizek gogorarazi zuenez, "ez dugu enplegu erregulazio espedientea negoziatu nahi, zaila egon arren enpresak aurrera egitea baizik". Bi aukera daudela ere nabarmendu zuen, inbertitzaile bat opatzea edo langileek kooperatiba sortzea. Ruizek Nafarroako Gobernuari Inasak aurrera egiteko ahalegin guztiak egin ditzala eskatu zion.Aldi berean, Ruizek irurtzundarrengandik eta sakandarrengandik jasotako babesa eskertu zuen. Enpresaren itxiera kolpe handia izan daitekeela ere nabarmendu zuen langileen ordezkariak. Udalak langileekinIbarreko 14 udalek eta Mankomunitateak ebazpen bidez Inasako langileen alde agertu dira. Sakanako toki erakundeek "enpresaren itxiera ez dela inondik inora justifikatzen" azaldu dute. Horretaz gain, aipatu erakundeek Lourdes Goikoetxeari, industria kontseilariari eskatu diote enpresa batzordeak zuzendaritzari egindako proposamena babesteko. Hau da, lantegia langileen esku gelditzea. Horrela, "enpresaren produkzioa berrabiarazteko eta lan postuak modu duinean mantentzeko". Ebazpenak Goikoetxeari bidali dizkiote. Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Irañeta, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Sakanako Mankomunitatea izan dira ebazpena egin dutenak.