Inasak bideragarritasun plana egitea onartu du

Guaixe 2012ko uztailaren 5a

"Nafarroako Gobernuak eskatzen badu, bideragarritasun plana egitea onartuko dut". Halaxe esan zien asteazkenean Inasako buru Santiago Gonzalezek enpresa batzordeko kideei (CCOO 4, LAB 2 eta UGT, Solidari eta Koadroak bana). Ordurako langileen ordezkariek Nafarroako Gobernuari hori egiteko eskatua zioten, eskaera ofiziala gaur egin badiote ere. Eta dagoeneko Anel-eko (Asociación Navarra de Enpresas Laborales) teknikariak hasi dira lanean. Asteazkenean Iruñeko 5 izarretako hotel batean eginarazi zien bilera Gonzalezek langileei. Gonzalezek berretsi egin zuen Inasa itxi eginen dela eta arazo pila bat duela (bezeroak, bankuak...). Langileen ordezkariek, atzera ere, hainbeste arazo baditu lantegia haien eskuetan uzteko eta berak alde egiteko eskatu zioten. "Baina ez du eman nahi. Gaur egun Inasaren lehenengo arazoa alemaniarrek, Baikapek, lantegiarekin atera nahi duten dirua da". Hala dio Alfonso Torresek, Solidariko kideak. Inasaren pasa den urteko ikuskatutako kontuak eman zion enpresa batzordeari Gonzalezek. Horrekin eta beste hainbat dokumenturekin batera egin beharko da bideragarritasun plana. Aldeak astelehenean dira berriro biltzekoak, Fernando Carrionek (LAB) jakinarazi digunez. Bi sindikalistek enpresaren jarrera aldaketarekin harrituta azaldu dira. Kalte-ordainakEnpresa batzordeak lantegian dagoen materialaren inbentarioa egitea eskatu du, esaterako zenbat aluminio tona dauden. Asteazkenean Gonzalezek enpresa batzordeari proposatu zion "fidagarri izateko" haiek aluminio bobinen salmenta kontrolatzea eta salmentatik lortutako dirua kaleratzeen kalte-ordainak pagatzeko erabiltzea. ZorraInasako zuzendaritzak iganderako zorraren berfinantzazioa negoziatu behar du bankuekin. Bestalde, Inasako aurreko zuzendaritzako kideek egungo zuzendaritzakoak epaitegian salatu dituzte. 1,5 milioi euro eskatu dizkiote, plan sozialean agertzen zen haien erretirorako diruagatik.