Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kontratuak hausteko Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) aurkeztu eta kontsulta epea zabaldu zenetik 4. aldiz bildu ziren asteartean Inasa zuzendaritza eta enpresa batzordea (CCOO 4, LAB 2 eta UGT, Solidari eta Koadroak bana), 5 izarreko hotel batean atzera ere. Orduan jakin zuten langileen ordezkariek Santiago Gonzalezek Iruñeko merkataritza-arloko epaitegian hartzekodunen aurre-konkurtsoa aurkeztu duela. Inasako zuzendaritzak pasa den igandera arte zuen bankuekin bere zorra birfinantzatzeko aukera. Dirudienez 5 milioi eurotik gorakoa da zorra eta ez zuen negoziatzea lortu. Zuzendaritzaren arabera horren ardura langileak egiten ari diren mugagabeko greba da, "bezeroak galtzea, finantza hartzekodunen konfiantza falta ekarri du eta, azkenik, lantegiaren itxiera". Hartzekodunen aurre-konkurtsoarekin birfinantzatze horren inguruko akordioa lortu nahiko luke zuzendaritzak. Fernando Carrionen (LAB) eta Alfonso Torresen (Solidari) susmoa da: "figura legal hori aurkeztu du beste inork hartzekodunen konkurtsoan ez sartzeko". Kalte-ordainezAstearteko bilerari dagokionez, kaleratzeengatik ordaindu beharreko kalte-ordainez besterik ez zuen hitz egin nahi izan Gonzalezek. Langileak kalera legeak agindutako gutxienekoarekin joanen lirateke: 20 egun lan egindako urte bakoitzeko 12 hileko mugarekin. Santiago Gonzalezek langileei kalte-ordainak 9 zatitan ordaintzeko asmoa azaldu zuen. Enpresa batzordeko kide batzuk kontra azaldu ziren eta besteak, hartzekodunen aurre-konkurtsoa kontuan izanda, kalte-ordainen kobratzea bermatu nahi du. Kudeatzaileak, bestalde, kalte-ordainetarako dirua lantegian dagoen materialaren salmentatik atera nahi du. Hau da, aurrena materiala saldu eta ondoren langileei kaleratzea ordaindu. Enpresa batzordeak alderantziz nahi du, iritsiz gero, kalte-ordainak kobratu ondoren materiala saltzea. Dena dela, heldu den astean eginen dute lantegian dagoen materialaren inbentarioa. Bideragarritasun planaAsteazkenean enpresa batzordea Anelgo (Asociación Navarra de Empresas Laborales) ordezkariekin bildu ziren. Anelek, Nafarroako Gobernuarekin batera, Inasarako bideragarritasun plana eginen du. Hilabete edo gehiago emanen dutela horretan azaldu zigun Carrionek. ManifestazioaGarilaren 20an, ostiralean, 19:00etan, Irurtzungo plazatik.